Albisteak

2017 Iraila 22

Beste urte betez Kutxa Fundazioa Kilometroak festan

Datorren igandean, irailak 24, “Lekaixoka” lemapean Oñatin ospatuko den Kilometroak festan, Kutxa Fundazioak, urtero bezala ekintza ugari antolatu ditu. Fundazioko baliabide ezberdinek hartzen dute parte eta antolatutakoa publiko orori zuzenduta dago.

Gipuzkoa Solidarioaren txokoan, San Martin gunean, Nagusilan (Adin Nagusikoen Giza  Boluntariotza  elkartea), UNRWA (Errefuxiatuen agentzia)  eta SOS Arrazakeria egongo dira. Proposamenak zutabe nagusi hauek izango ditu: Harremana eta elkartasuna, euskara eta elkarbizitza, eta bizitza eta bihotza. Hizkuntzekin jolastu, zahartze aktiboaz gozatu, adin ezberdinen arteko irribarreak sortu, ezberdinen arteko zubiak eraiki… Aniztasuna gauzatzen; hizkuntza bihotzean, euskaren taupada ezpainetan. Gainera aurten ere Gipuzkoa Solidarioak Aztarna Solidarioaren III. Argazki Rallya egingo du Ibilbidean suerta daitezkeen bizipenak jasotzera gonbidatuz. Argazki batean islatu ibilbidean ikusten den aztarna solidarioa eta bidali, hiru onenak saria izango dute.

San Martin gune horretan ere Kutxa Ekoguneko postua izango da igandean haurrentzako hainbat tailer eskainiaz. Batetik, garaiko produktuen sukaldeko trapuekin hartzak, untxiak edota loreak egingo dituzte haurrek. Honez gain sagarraren uzta biltzeko garaia denez “sagarrak” inprimatzea dago teknika erraz baten bidez, trapuaren izkinan, udazkena dela gogoan izateko. Gainera, parte hartzen duen horrek egindakoa etxera eramateko aukera ere izango du. Amaitzeko, Kutxa Ekoguneko postutik Gipuzkoa Solidarioaren postura sagarraren ibilbidea eginez joan daiteke eta han gure arbasoak sagarren bilketa egiten alde batetik bestera ibili ziren garaian oroituko dituzue, egun ditugun etorkinen istorioak ezagutuz.

Bestalde eta gazteentzako ekintzei dagokienez, #izanezberdin eta Kutxa Kulturrek egiten duten eskaintza batez ere musikan dago oinarrituta. Kutxa Kultur oholtzan Beñat Igerabide, Perlak eta TriniFox taldeak izango ditugu. Beñat Igerabide urteetan bakarkako proiektuak lantzen aritu ondoren, orain, esperientzia handiko taldekide berriekin zuzeneko indartsua eskaintzen ari da. Perlak 2016ko Kutxa Kultur Musikako deialdian hautatua izandako talde zarauztarra da, 2013an sortu zen eta euskaldun punk estiloa lantzen du eta TriniFox #izanezberdin programan parte hartzen duen Azpeitia eta Azkoitiako talde gaztea da. Eta gaztetxoengan kultura aktiboa bultzatzeko ekimenaren baitan, Axi Muniain izango da Kutxako gunean surfaren eta Carverren mundua gerturatuz.