Albisteak

2015 Abendua 17

Larunbat honetan irekiko dugu Kutxa Ekoguneko Haur Parke berritzailea

Haurrak material naturalekin jolastu eta ikasteko sortutako espazioa da Kutxa Ekoguneko Haur Parkea. Pedagogo talde batek garatu eta ikuskizun eta tailerrez osatutako eskaintza zabala dugu, kalitatezko aisia baitugu helmuga. Abenduak 19, larunbata, goizeko 11:30etatik arratsaldeko 20:00etara sarrera doakoa izango da.

Kutxa Ekogunean Euskal Herri mailan erabat berritzailea den aisialdia aktiborako gune bat irekiko dugu abenduaren 19tik aurrera. 700 m2 baino gehiago zabaleran eta 7 m altuerako espazio berri bat egokitu ditu haurrak eta beraien familientzat, eta baita eskolentzat ere. Espazioa Maushaus taldeko pedagogian adituak eta Teresa Meana eta Ione de Pablo arkitektak garatu dute elkarlanean. Kalitatezko aisia-espazioa da eta bertan haurrak primeran pasatzeaz gain, energia, baratza, jasangarritasuna eta abar luzeari buruz ikasiko du, jolas eta tailer berezien bitartez, gaur San Patricio eskolako ikasleekin ikusi dezakegun bezela.

Kutxa Ekoguneko Haur Parkea 0-12 urte bitarteko haur eta hauen familientzako kalitatezko aisia espazioa da, irizpide pedagogikoekin diseinatuta. Haurren jolasteko eran oinarrituta hauen sormena, autonomia, auto-estimua, erlazioak eta psikomotrizitatea sustatuko dituen estrukturak eta euskarriak sortzeko. Bertan, jolas aukera ugari dituzte, besteak beste, material naturalez egindako jolas estruktura finkoak daude, hala nola, zuhaitzak dituzten soro borobilak, sareak, negutegi argitxuak, baserritxo bat, … Haurrak gainera, momentuan nahi duen jolas-espazioa eraikitzeko aukera du. Gustura egoteko leku bat da, haur batek lasai egon nahi duenean goxo egoteko aukera du eta saltoka eta irrika egon nahi duenean gauza berbera. Jolas autonomoaz gain, egunero ikasteko eta gozatzeko tailer dibertigarriak eskaintzen dira eta astebururo ikuskizun bereziak, urtebetetze festak ere antolatuko ditugu.

Kutxa Ekoguneko Haur Parkea eskaintza berritzaile eta apurtzailea da, eduki eta formatan kalitatezkoa. Aitzindari gara haurrentzako espazioa arkitekturaren ikuspuntutik lantzen. Ikasi eta jolastearen arteko orekak, beste eskaintza batzuekin alderatuta, berezi egiten gaitu. Haur Parkeaz ikastetxeak ere goza dezakete, beraientzat espresuki sortu dugun egitarauaren bitartez: ibilbideak, tailerrak, otordu biologikoa,...

Ekintza guzti hauek antolatzeko, beti izango ditugu haurren iritziak oso kontuan gure inkesta eta beste prozesu batzuen bitartez. Hala nola, Eki gure erle maskota ere, beraien ikuspuntuan oinarrituta dago. Maskota honen sormen prozesuan haurrak eta beraien irudimena izan ditugu protagonista, haurrek erleen marrazkiak egin dizkigute eta marrazki hauek erakusgarri izango ditugu parkean. Eta datorren urtean Eki-ri lagun koadrila bilatzeko opariz jositako hainbat lehiaketa antolatuko ditugu.

Hainbat haur Kutxa Ekoguneko haur parkean jolasten.

Ate irekiak eguna, ordutegiak

Eta guztioi ongi etorria emateko Kutxa Ekoguneak ate irekiak eguna antolatu du datorren abenduaren 19an, larunbata, goizeko 11:30etatik arratsaldeko 20:00etara. Urte guztian zehar parkean jolasteko denbora mugarik gabea izango da, baina larunbatean jende asko hurbiltzen bada denbora mugatuko dugu haur guztiak parkeaz gozatu dezaten. Nahi duen guztia hurbildu daiteke Kutxa Ekoguneko Haur Parkera eta bertan eskainiko ditugun tailer eta ikuskizunez gozatu. Besteak beste Gabonetako dekorazioa landuko dugu, parkea guztion artean apainduz eta Itziar Urretabizkaia aktorearen ikuskizunaz gozatuko dugu.

Horrez gain Gabonetan, abenduaren 19tik aurrera eta haurren opor egunetan parkea irekita egongo da goizeko 11.30etatik 20.00etara, abenduaren 24, 25, 31 eta urtarrilaren 1a eta 6a izan ezik. Hurrengo egunetarako ikuskizun eta tailerren eskaintza oso zabala izango da, Olentzero eta Mari Domingiren historia ezagutuko dugu, Erregeak ere izango ditugu bixitan, Eguberriekin lotutako tailer ezberdinak...

Eta gure hurrengo data berezia, 2016ko urtarrilak 23 eta 24ko asteburua izango da, Donostia 2016aren inaugurazioarekin bat egingo dugu eta Haur Parkea tailer eta ikuskizun bereziz josita izango dugu ate irekiak jardunaldiak ospatuz.

Urte guztiko ordutegiari dagokionez, ostirala eta festa bezpera guztietan arratsaldeko 16.00etatik 20.00etara eta larunbat eta jai egunetan goizeko 11.30etatik arratsaldeko 20.00etara izango da Haur Parkea irekita. Prezioa 6 eurotakoa izango da haur bakoitzeko eta jolasteko denbora mugarik gabea. Lehendabiziko bisitarientzat opariak izango ditugu stocka amaitu arte.

+ Irakurri gehiago Kutxa Ekoguneko Haur Parkeari buruz