Albisteak

2014 Uztaila 01

Ontziratu Zaitez! eta EkoBira Soraluzen

Larunbat honetan EkoBira azoka jasangarriak lehenengo geldialdia egingo du Soraluzen, bertan beste kontsumo mota bat posible dela baieztatu ahal izango dute bisitariek.

 

Datozen egunotan Soraluze ontziratuko da Kutxa Ekoguneak bultzatutako Ontziratu zaitez! kanpainaren bidez eta bertako Udalaren elkarlanari esker. Izan ere, udalerriko produktu freskoen saltokietan tupper urdina erabiltzen hasiko dira paper eta plastikozko bilgarriak ekiditeko asmoz.

Gainera, larunbat honetan, uztailak 5, EkoBira azoka ibiltaria Soraluzen izango da eta bisitari guztiek beste kontsumo era bat posible dela baieztatu ahal izango dute.

EkoBira: beste kontsumo mota bat posible da

EkoBira, kontsumo jasangarriaren azoka ibiltaria, Soraluzen izango da uztailaren 5ean (larunbata), 10:00-14:30 eta 16:30-19:30 bitartean.

Soraluze izango da EkoBira azoka ibiltari honen laugarren edizioaren abiapuntua eta oraingoan ENEEK Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren elkarlan  berezia izango du.

Bizimodu jasangarria egiteko aukerak badaude elikadura alorrean eta baita energia-kontsumoan, aisialdian eta abarretaneta hori ikusgai jarri nahi du EkoBirak. Produktu eta zerbitzu jasangarriak, ingurumenean eragin edo inpaktu txikiagoa dutenak, kontsumitzeko aukerak azalarazi nahi ditu. Kontsumo jasangarria eta solidarioa sustatzea da Kutxa Ekogunearen ildo estrategikoetako bat eta horren harira sustatu du proiektu hau laugarren urtez.

Honakoak dira Soraluzeko EkoBiran izango diren postuetako partaideak:

ELIKADURA EKOLOGIKOA
•    SOSOLA. Gazta eta ogi ekologikoa.
•    ITXOSTE. Marmelada ekologikoa.
•    ARRATZAIN. Sagardo ekologikoa
•    BODEGAS AZPILLAGA URARTE. Ardo eta olio ekologikoa.
•    Illargui. Ogi ekologikoa


ARTISAUTZA
•    AMAIA AMOR ETA SARA PEÑALBA.  Larruzko artisautza
•    KOLDO ETXEBERRIA ETA ARRATE LIZARRALDE. Saskigintza
•    TELARISTA URBANA. Artilezko artisautza

GARBIKARIAK
•    EKINAZEA. Kosmetika naturala.

EKOETXEA
•    ALUPE. Egur zertifikatuzko jostailuak

BERRERABILPENA
•    FANNY ALONSO COLLANTES. Arropa zaharrekin eta kafe kapsulekin apaingarriak
•    ZUZEU. Bigarren eskuko erropa eta osagarriak.
•    REMAR. Bigarren eskuko altzari txikiak
•    ZEOTE. Birziklatutako materialez eginiko bitxiak, arropa...

BIDEZKO MERKATARITZA
•    Kaleko Elkartasun eta Kultur Elkartea.

ENERGIA ERAGIKORTASUNA
•    CICLALIA. Bizikleta elektrikoa

Kutxa Ekoguneak  partaide eta bisitari guztientzako harrera puntua izango du. Bertan martxan dituen ekimenen berri eta EkoBiraren inguruko informazio guztia eskeiniko du.

EkoBiraren laugarren edizio hau Soraluzeko Ingurumen Egunaren baitan egingo da, Alkarrekin eta Zero Zaborrek antolatutakoa. Azokaz gain, arratsaldean tinte naturalak, xaboia eta ukenduak egiteko tailerrak, haurrentzat jolasak eta ipuin kontalariak eta eguna amaitzeko produktu ekologikoz egindako Kantu Afaria egingo dira.

EkoBiraren hurrengo azokak Irunen (irailak 20), Bergaran (urriak 11) eta Ekogunean (urriak 18) izango dira, guztiak herri bakoitzeko Udalarekin elkarlanean.

 

Ontzi berrerabilgarriak, ONTZIRATU ZAITEZ! lelopean

Soraluzen urtebete luzez egin den Alkarrekin parte hartze prozesuaren ondoren, martxoko Batzar Nagusian herritarrek adostutako lehentasunezko ildoen artean kontsumo ohitura arduratsuak bultzatzea dago. Soraluzeko Zero Zabor eta Alkarrekinen arteko lankidetzaz erosketetan plastikoaren erabilpena murrizteko hainbat ekimen jarriko dira martxan datozen aste eta hilabeteetan.

Horien artean Ontziratu zaitez! kanpaina, produktu freskoak erosten direnean sortzen diren hondakinak murrizten laguntzea helburu duena. “Erosketa hauek egiterakoan hondakin kopuru handia sortzen da, produktu hauek paperean biltzeaz gain, plastikozko poltsa baten edo bitan sartzen baitira ondoren eta bizitza oso laburreko materialak dira”, azaldu du Amaia Otazok, Kutxa Ekoguneko Kontsumo jasangarri sailetik.

Ekimen honekin hiru lorpen egiten direla ziurtatzen dute Alkarrekin, Kutxa Ekoguneak, Zero Zabor eta Udalak: batetik, erosketak egitea “erosoagoa” izango da. “Behin etxera heltzerakoan, ontzia zuzenean hozkailuan sartzeko aukera izango dute herritarrek; modu garbi batean gainera”.

Bestetik, saltokientzako kostua murriztu egiten da. Izan ere, ez dute hainbeste paper eta plastikozko poltsa erabili behar izango.  “Eta azkenik, lehengai gutxiago gastatuko denez, ingurumenarentzat, eta beraz guztiontzat, positiboa da”, gaineratu da.

Kutxa Ekoguneak 2011ko maiatzean Ontziratu zaitez! kanpaina Hernanin martxan jarri zuenetik, egitasmoa Gipuzkoako 30 baino gehiagotan abian da. “Ordutik hiru urte igaro dira, eta herritarrek ontzien erabilera barneratu dute, eta ingurumena kaltetzen duen hondakin kopurua murrizten ari dira. Soraluzen ere bide bera hartzea litzateke kanpaina honen helburu nagusia. Eta hori zuen, herritarren esku dago”.

Soraluzen Ontziratu Zaitez! kanpainan parte hartuko duten saltokiak honako hauek dira:

•    Juan Mari arraindegia
•    Etxabe harategia
•    Iñarra harategia
•    Marimar harategia
•    Javier Alberdi harategia
•     Aitziber urdaitegia
•     Erosle kooperatiba
•    Criado frutategia
•    Bolintxo okindegia
•    Amparo autozerbitzua
•    Venan eta Montse autozerbitzua
•    Vidal frutategia
•    Salon denda


25€ko erosketa sariak

Ontzi berrerabilgarria erabiltzen dituzten erosleen artean, 25€ko bi erosketa sari banatuko dira hilero, kanpainarekin bat egiten duten saltokietan gastatzeko. Zozketak 6 hilabetean zehar egingo dira herri mailan.

 

Nola eskuratu ontzi berrerabilgarria?
Herritar bakoitzak etxean izan ditzakeen ontziak erabiltzeko deialdia egiten bada ere, kanpainarako diseinatutako tupperrak salgai izango dira uztailak 5ean Udaletxeko aurreko zubian izango den EkoBira azokan, 10:00-13:00 ordutegian, 0,50€ren truke. Etxebizitza bakoitzeko ontzi berrerabilgarri bat eskuratzeko aukera izango dute herritarrek.


Ontziratu zaitez! zenbakitan

Kutxa Ekoguneak ekimen hau Gipuzkoako hainbat udalerritan martxan jarri zuenetik, saltokietako jabeei proiektu honek abantailak besterik ez dizkie ematen. Izan ere, talde honen adostasun eta lankidetzarik gabe proiektuaren garapen egokia bermatzea oso zaila litzateke.

Gaur egun tupperraren kanpaina Gipuzkoako 30 udalerritan dago martxan eta horretarako 70.000 ontzi berrerabilgarri banatu dira Ontziratu zaitez! lelopean.

Kanpainaren ondorioz, batez beste 26.000 erosketa egiten dira hilero ontzi berrerabilgarria erabiliz. Honek hilean 145 kg paper eta 15.600 plastikozko poltsen aurrezpena suposatu du.