Lehen Hezkuntza (LH) Tailerrak: 2. zikloa

Baratza eta haziak

Haziak dira guztiaren hasiera, baina ba al dakigu nola atera? Nola aukeratu eta nola kontserbatu?

Baratzagintza tailer honetan hazien munduan sartuko gara, hazi motak ikusi eta beraiek erauzi eta kontserbatzeko teknikak ikasiko ditugu gure baratza parkean.

Ikastetxean lantzeko materiala:

  • Aurretik: Hazitik hazira
  • Ondoren: Hazi bonbak

Eguzki energiaz eraikiz

Eko arkitektoek ingurumena erabiltzen dute eraikitzeko. Tailer honetan elementu naturalekin eraikin bat eraikiko dugu taldean eta gero eguzki energiaz funtzionatzen duen labe bat sortuko dugu.

Talde lanean oinarritutako tailer honetan, eko-eraikinetara bisita bat egingo dugu, eraikina eta eguzkiaren arteko erlazioa ikasiz, eta hau oinarritzat hartuta, lastozko eta egurrezko etxe bat eraikiko dute. Ostean, eguzkia energia moduan erabiliz, labe funtzional bat osatuko dute.

Ikastetxean lantzeko materiala:

  • Aurretik: Energiaren bideoa
  • Ondoren: Ikastetxe bioklimatikoa eraikitzen eta zure herriko energia mapa

Aztarna ekologikoa elikaduran

Giza jarduera orok du efektu bat ingurunean, eta elikadurak oraindik gehiago! Ba al zenekien haragian oinarrituriko elikadura batek ia bi aldiz gehiago CO2 isurtzen dituela atmosferara? Inoiz dastatu al duzu intsekturik? Zenbateko kostu ekologikoa du intsektu bat hazteak? Eta haragitako behi bat?

Ikasleei menu baten diseinua egiteko erronka ipiniko zaie, baina aztarna ekologiko gutxiko menu bat izan behar du. Zer gertatuko litzateke menuan intsektuak sartzen baditugu? Kutxa Ekogunean ba ote ditugu intsektu hauek?

Ikastetxean lantzeko materiala:

  • Aurretik: Greenpeace bideoa eta gako dikotomikoa
  • Ondoren: Nire eguneroko aztarna eta insektuen ehiza

Euskararen ginkana

Hizkuntzak komunikatzeko balio dizu soilik? Hitz egiten dituzun hizkuntzen artean, zer da euskara zuretzat? Zergatik ote da ekologikoa euskaraz bizitzea? Proba desberdinak gaindituta, hizkuntza-ekologista bilakatzeko prest?

Ikasleen euskaraz bizitzeko gogoa sustatzea du helburu ginkana honek. Kutxa Ekogune parkeko Baratza Eskola gunean, biodibertsitatearekin analogiak egiteko aukera baliatuko dugu eta, taldekako proba ludikoen bitartez, hizkuntzen arteko harremanak ezagutu eta euskararekiko emozio, ezagutza eta praktikak partekatuko dituzte ikasleek.

Ikastetxean lantzeko materiala:

  • Aurretik: Hizkuntzaren zurrunbiloa
  • Ondoren: Euskararen kriseilua

Uraren bisita

Kutxa Ekogunean geure ur zikinak kudeatzeko gai gara bizidunen laguntzaz, ikusi nahi? Ur asko ala gutxi dugu gizakiok eskuragarri? Zer gertatzen da ibai alboan dagoen herri batean uholde bat denean?

Kutxa Ekoguneko uren tratamentu sistema ezagutzeaz gain, ikasleek ur inguruetan bizitzearen arazoak ezagutu eta hauen aurrean hartu beharreko neurriak ikasiko dituzte.

Ikastetxean lantzeko materiala:

  • Aurretik: Uraren zikloaren bideoa ilusi "La escasez del agua"
  • Ondoren: Ikastetxeko uren kudeaketa

Abeletxeko bisita

Goxo-goxo etxekotzen ari garen animaliak ditugu abeletxean. Zein behi arrazak daude gure ikuiluan? Zein soinu ateratzen dute ahate mutuek? Zergatik ez dute migraziorik egin nahi gure antzarek?

Ordu eta erdiko bisita gidatu bat abeletxe barruan, non, ikasleak bisitariak izango diren eta abereren artean mugituko diren belardi eta sagarrondoetatik barrena, beraien bizileku, jantoki eta bizimoduak ezagutzen.