Hizkuntza-ekologia ibilbideak Naturguneetan

Hizkuntza-ekologia eta toponimia ardatz dituen Naturguneetako ibilbide gidatuak. Hitzak (toki-izenak), ingurunearen aurkibide

Izaki bizidunen eta hizkuntzen bizirautean eragina du inguruneak. Ingurunea izendatu, ezagutu eta kudeatzen badugu, hizkuntza aberastasuna babestu dezakegu. Toponimia baliatuko dugu ibilbide honetan gizaki eta ingurunearen arteko lotura ikusteko eta kulturaren muinean dagoen hizkuntza eta natura bat direla sentitzeko.

PAGOETAKO PARKE NATURA - ITURRARANGO PARKETXEA.
Lehen ibilbidea, Pagoeta Parke Naturalean burutu dugu Gipuzkoako Parketxe Sarearekin (GPS) estuki elkarlanean.
Iturraran Parketxetik abiatzen den ibilbide zirkularrean hizkuntza eta ekologia kontzeptuak landuko dira Pagoetako Parke Naturalean topa daitezkeen hainbat leku izen aztertuz.

BESTE PARKETXEETARA ZABALTZEN
Beste hiru naturguneetara -Aiako Harriak, Aralar eta Arantzazu- ere zabaldu da ekimena eta guztira ehundik gora bisitari izan dira.
Informazio gehiagorako, jarri gurekin harremanetan: itsaso@ekogunea.net

HIZKUNTZA-EKOLOGIAZ….

Ekologiak izaki bizidunen arteko nahiz haien eta ingurunearen arteko eragina aztertzen badu, hizkuntza-ekologiak, hizkuntzen arteko zein hauen eta beren inguruneen arteko harremana jorratzen du.

Hizkuntza guztiekiko berdintasun ikuspegia du hizkuntza-ekologiak, hizkuntza guztiei balio bera aitortuz, ez daude denak ordea egoera berdinean. Datuak argiak dira: UNESCOren  arabera, munduko hizkuntzen %90a desagertzeko arriskuan dago. Hamabost egunetik behin, hizkuntza bat desagertzen da munduan.

Guztioi eragiten digun eta guztion ardura den pobretze honi aurre egiteko, kudeaketa ekologikoa beharrezkoa da baita hizkuntzei dagokionean ere. Alegia, arriskuan dauden ingurune eta espezieak babesteko egiten den moduan, hizkuntza gutxiagotuekiko babes neurri orekatzaileak hartzea eta berauen inguruneak egoki kudeatzea; honela, ikuspuntu ekologikoak, hizkuntza hauen hiztunek beraien lurraldeetan eta bizitzako eremu desberdinetan kalitatez euren hizkuntzetan bizitzeko neurriak hartzea dakar. Biziaren garapenaren norabidean doan kudeaketa da gakoa, gizakiak ingurune bat ekologikoki kudeatzen duenean, hizkuntza aniztasuna ere babes baitezake bioaniztasunarekin batera.

Gurera etorrita, euskara da munduan dagoen hizkuntza aniztasunaren erakusgarri, lurralde honetako hizkuntza endemikoa, bertan garatua eta beste inon aurkitzen ez dena.


… ETA TOPONIMIAZ

Toponimia, leku-izen edo toponimoak ikertzen dituen hizkuntzalaritzaren alorra da. Toponimoak, izen arruntekin eratutako izen bereziak dira eta berauek osatzerakoan, hizkuntza komunitate bakoitzak, bizi den ingurunearen berezitasunetara hobeki moldatzen diren hitzak hartzen ditu hiztegitik, unean uneko gogo-beharren arabera izendapen berriak sortuz.

Mundu guztian barrena, gizakiak bere ingurunea izendatu egiten du eta hizkuntza du horretarako bitartekoa. Leku-izenek gizakiaren bizimoduaren berri ematen digute eta inguruan ohikoak diren osagaiez osatuta daudenez, garaian garaiko nahiz lekuan lekuko giza-talde bakoitzak bere inguruneaz egindako interpretazioa ezagutzeko aukera ematen digute. Toponimoak beraz, ingurunearekin zuzenki loturik daude eta ingurunea eraldatzean, hiztunak desagertzean, nahiz hizkuntza batek bestearen lekua hartzen duenean, denboran irauten duten lekuko azkenak dira.

Gurean, euskararen lurraldea eta gizartea aldatzen doaz etengabe  eta aldaketa horiek eragina dute hizkuntzetan eta toponimian bertan ere, erabileran eta transmisioan batez ere. Bizirik iraungo badute, askotariko eremuetan erabiliak izan beharko dute.

PAGOETA

‘Pagoak dauden tokia’. Hariztia behar lukeen tokian pagoak egotearekin, “berezitasunarekin”, loturik dagokeen izena.

AIA

‘Aldapa’, ‘aldapan dagoen tokia’. Jatorri indoeuroparra (zeltiarra) duela esan izan da, baina frogatzeke dago.

ELORDI

‘Elorri tokia’. Nafarroako Espinal (Aurizberri) herri-izenaren sinonimoa.

Etxeak eta soroak tximistatik babesteko erabili da.