Hizkuntza-ekologia jardunaldiak

Eskualde eta herrietan hizkuntza-ekologia jardunaldiak antolatzeko bidea egin du Kutxa Ekoguneak Topagunearekin batera.
Zure herrian edo eskualdean Hizkuntza-ekologia jardunaldiak antolatu nahi izanez gero, jarri gurekin harremanetan: itsaso@ekogunea.net

Jardunaldien helburu nagusiak:

  • Hizkuntza-ekologiaren gaia jendarteratzea.
  • Eskualdean euskararen sustapenaren alde egiten den lana ikustaraztea.
  • Ikuspegi positiboa zabaltzea, ekintzara bideratuz.

Gai zerrenda:

Helburu hauek betetzeko, jardunaldien edukietan kontutan hartzen ditugun gaiak ondorengoak dira, euskualde eta herriaren arabera, egitarau zehatzak garatzeko bidean:

  • Aniztasuna aberastasun bat izateaz gain, biziraupenerako giltzarri ere bada.
  • Hizkuntzaren ingurunea, testuingurua, ekosistema. Euskararen egoera eta hizkuntza aniztasuna eskualdean. Ikuspegi soziolinguistikoa.
  • Kanpo faktoreak: instituzioak, erakundeak, legeak. Esku hartzea eta planifikazioa.
  • Barne faktoreak: alde batetik indibidualak, hau da gutako bakoitzak dauzkan hizkuntzarekiko jarrerak/bizipenak, eta bestetik kolektiboak, hizkuntza komunitateari dagozkienak. Euskararen kasuan euskalgintza aipatu behar da komunitate horren baitan. Ekintza positiboak.
  • Eredu eta diskurtso berriak, alternatibak, beste egiteko erak, hizkuntzen biziberritzerako.

Puntu hauetan oinarrituz, eskualde osora zabalduko diren jardunaldi berritzaile eta parte hartzaileak antolatzeko aukera eskaintzen du proiektu honek. Hala,  herri eta eskualde bakoitzean hizkuntza-ekologiaren gaia modu irekian landu eta herritarrak hausnarketara gonbidatzeko.

 

“Hizkuntza-ekologia jardunaldiak Oarsoaldean”, 2013an.

EGITARAUA
Oarsoaldeko egitaraua, bost ekitaldi nagusitan banatu da, eskualdeko herri desberdinetan kokatuta. Denek izaera irekia izan dute eta herritar guztiei egin zaie bertan parte hartzeko deialdia. Hala ere, ekitaldi bakoitzari helburu zehatz bat jarri diogu, aurrez aipatutako gai zerrenda horri hobe erantzun ahal izateko.

1. Hizkuntza ekologiari buruzko hitzaldia. Oiartzunen

Jardunaldien sarrera gisara, gaia teorikoki kokatzeko Belen Uranga (SLK) adituaren hitzaldia eta Oarsoaldeko argazki soziolinguistikoa, hizkuntza-ekologiaren gaiak eskualdean egin dezakeen ekarpena landu ahal izateko, Eskualdeko datuen azalpena.  

2. Zergatik ez? Euskararen erabilera sozialerako motibazio saioa. Pasaian

Hizkuntza-ekologian barne faktoreek duten garrantziaz jabeturik, norberaren hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa bat egitera gonbidatu nahi ditugu herritarrak. Horretarako, 2 orduko tailer bat eskainiko dugu jardunaldien barruan, euskaldunok hizkuntza aniztasunari egiten diogun ekarpena azpimarratzeko besteak beste.  

3. Hizkuntza ekologia tailerra (gazteleraz). Pasaian

Euskaraz ez dakitenak ere ezinbestekoak dira gure hizkuntzaren normalizazio prozesuan. Horretaz jabetu eta hizkuntza-ekologiaren bidez euskararen errealitatea ezagutarazteko tailerra eskaini zaie erdal hiztunei.

4.Gosari-tertulia. Lezon
    
Hizkuntza-ekologiaren ikuspegia zabaltzearekin batera, modu praktikoago batean bideratu nahi dugu gaiarekiko hausnarketa. Gaian aditua den Itsaso Olaizola (Kutxa Ekogunea) dinamizatzaileak gidatuta, batez ere  udaletako teknikari, zinegotzi eta eragileetako arduradunei zuzendutako saioa egin dugu. Asmoa, elkarrekin eta giro eroso batean, hizkuntza-ekologian eragina duten kanpo zein barne faktoreez aritzea da, gure hizkuntza babesteko hartu beharreko neurri, esku-hartze eta planifikazioaz jardutea. Euskararen arloan lan egiten duten teknikari eta zinegotziak gonbidatzeaz gain, ingurumen teknikari edota Agenda 21eko arduradunei ere luzatu zaie parte hartzeko deialdia.

5. Euskalgintzaren garrantzia. Ekimen positiboak 10 minutuko aurkezpenen laburren bidez bidez.  Errenterian

Urte luzez hizkuntzaren normalizazio prozesuan lanean diharduten eragileei leku berezia eskaini diegu. Aurkezpen laburren formatua erabiliz, eragile bakoitzak burutu duen egitasmo positibo bat aurkeztea da ideia. Horrela, ekitaldi parte-hartzailea izateaz gain, hizkuntza-ekologiaren ikuspegitik, Oarsoaldean euskarak duen babesa erakutsiz emango genioke amaiera jardunaldiei.
Eskualdeko euskalgintzaren argazki bat izan da  azken ekitaldi hau, eta horretarako, ahalik eta eremu gehien jorratzen ahalegindu gara, bai gonbidatutako eragileak aukeratzerakoan eta baita haiek aurkeztu beharreko egitasmoen aniztasunean ere.


Hauek dira ekitaldian parte hartzera gonbidatu ditugun eragileak:

-    Udalak
-    Euskararen Aholku Kontseilua
-    Lau Haizetara euskara elkartea (Errenteria)
-    Euskal Herrian Euskaraz (Eskualde mailan edo herrietako taldeak)
-    AEK (Eskualde mailan edo herrietako taldeak)
-    Udal euskaltegiak (Eskualde mailan edo herrietako taldeak)
-    Ttur-ttur euskaltzaleon bilgunea (Oiartzun)
-    Prest! Taldea (Pasai Donibane)
-    Oarsoaldeko Hitza
-    Eskualdeko beste hedabideak
-    Bertso eskolak (Eskualde mailan edo herrietako taldeak)
-    Irrien lagunak
-    Ikastolen elkartea
-    Gure esku (Errenteriako euskalgintzaren inguruan hausnartzeko sortu den taldea)
-    Dikoma proiektuaren bultzatzaileak

 BALORAZIO TXOSTENA

Hizkuntza-ekologia jardunaldietako irudi batzuk.