Albisteak

2023 Urtarrila 27

21 gazte, Gazte Ekoliderrak programaren edizio berrian

Kutxa Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak, UPV/EHUko Uda Ikastaroen Fundazioaren (UIK) laguntzarekin bultzatutako programa honek 18 eta 30 urte bitarteko 21 gazte hautatu ditu, eta matrikularen % 80ean diruz lagunduko die.

Monica Pedreira Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zuzendariak, Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendariak, eta Itziar Alkorta, UIKeko zuzendari akademikoak Gazte Ekoliderrak, gazteak jasangarritasunean eta lidergoan trebatzea helburu duen programa, ireki zuten atzo arratsaldean.

Kutxa Fundazioa, Gipuzkoako Foru Aldundia eta UIKren gizarte jasangarriago bat eraikitzen laguntzeko helburuei erantzunez, aurtengo Gazte Ekoliderren taldea perfil oso anitzez osatutako 21 kidez osatua egongo da.

Ander Aizpuruak adierazi du “Ekosistemetan gertatzen den bezala gizarte baten eraikuntzan perfil guztiek dute berebiziko garrantzia berrikuntza sozialean eta hala islatzen da Gazte Ekoliderretan. Aktibista izateko eremuak ere anitzak dira: gure gertuko komunitatea, gizarte antolatua, lan esparrua, politika publikoak…”.

Itziar Alkortak bere aldetik nabarmendu du formazio programa honen bitartez, UIKren jasangarritasunaren aldeko apustua irudikatzen dela. “Gure planetaren etorkizunak ekoliderrak behar ditu, ingurunearekiko ardura ereduak aitzinaraziko dituztenak”. Jasangarritasunean interesatuak, motibatuak, aktiboak, eta gehiago aktibatzeko desioa dutenak! Helburu garbiak dituzte; jasangarritasunaren ezagutzan sakondu eta ikuspegi holistikoa landu, lidergo sistemikorako konpetentziak eskuratu eta trebatu, ekiteko ahaldundu eta ideietatik ekintzetara igarotzea bultzatu,eta kontzientzia, pentsamendu kritikoa eta enpatia komunitatean sustatu.

Monica Pedreira, Ingurumeneko diputatuak, azpimarratu du belaunaldi gazteak eraldaketan giltzarri diren kontzeptuetan trebatzea duen garrantziaz: “ekonomia zirkularrak, trantsizio energetikoak eta erronka klimatikoak gure ekonomia eta gizartearen eraldaketa eskatzen du, eta bide batez, gure gizartea iraunkorki garatzeko aukera ezinhobea da. Eraldaketak erronkak eta aukerak eskaintzen dizkigu, eta beharrezkoa da talentu gaztea irizpide berrietan formatzea euren etorkizuna lurraldean jorratzeko aukera izan dezaten&rdquo.

Pasa den urteko Gazte Ekoliderretako kideak ere ibilbidearen parte izango dira. Batetik prototipatutako gazteen aktibaziorako “GazteJasa” proiektu ideiaren jarraipen modura egitarauan pentsamendu kritikoa lantzeko dauden eztabaida saioak antolatu dira. Gainera irekiera saioko mahai inguruan bezala, hainbat saiotan jasangarritasunaz egunean mantentzeko elkarrekin parte hartzeaz gain 2022an aktibatutako ideiak errealitate bihurtzeko bide orria gauzatzean edizio honetako kideek beraiekin ere ekintzara igarotzeko aukera izango dute.  Ekoliderren sarea zabalduz.

Atzoko ekitaldian Kutxa Kultur-en, edizio honetako kideak elkar ezagutzeko lehen dinamiken ondoren, “Zer dio lurrak?” mahai ingurua bizitu zuten, jasangarritasun alorrean esperientziadun diren pertsona erreferenteekin. Bioaniztasunaren hildotik, Juan Arizaga izan zen bertan Aranzadi Zientzia elkartetik; kontsumoaren inguruan, Cristina Peña UPV/EHUtik; klima larrialdiaz, David Zabala Naturklimatik; eta jasangarritasunaren alderdi soziala eta herritarren parte-hartzearen inguruan, Arantza Acha UN Etxeatik. Argi geratu zen ikuspegi sistemikoa zein beharrezkoa den gaur egungo erronkei erantzun egokiak emateko.

Lehen pauso hau eman ondoren, aurtengo ibilbidean murgilduko dira buru-belarri datozen asteetan aurrez-aurreko saio eta topaketekin, egun eta erdiko 3 egonaldiekin, hitzaldi eta garapen pertsonalerako hausnarketaren lanketekin, metodologia ezberdinen bitartezko proiektu garapenekin.

Bidea martxan dute jada! Trebatu, Ekin, Izan!