Albisteak

2013 Maiatza 17

Alegiako Baratze Parkeko erabiltzaileak ari dira lurra lantzen

Oraindik ere geratzen dira lursailak eta interesatuek Udalean eman dezakete izena.


Kutxa Ekoguneak elikadura eta ohitura osasuntsuak sustatzearen alde egiten duen apustua berretsiz, Baratze Parkea Sarea martxan jarri du Gipuzkoako hainbat herritan eta Alegia ere ekimenera batu da. Jada lursailen banaketa egin da eta erabiltzaileak hasi dira lurra lantzen. Oraindik ere geratzen dira lursailak eta interesatuek Udalean eman dezakete izena.

2013ko apirilean egokitzapen lanak amaitu ondoren, Alegiako Udalak Belostegi auzoan kokatu du Baratze Parkea. Izendapen hori eman zaio, baratzeak egongo direlako baina era berean parke bat ere izango delako, aisialdirako eta jendea elkartzeko leku ezin hobea. 10x6 metroko azalera duten 36 baratze daude martxan, zozketa bidez esleitu direlarik.

Bertan, partzelaz gain, erabiltzaileek etxetxo bat edukiko dute, komuna eta lanabesen biltegi gisa erabili ahal izateko. Baratzeak erabiltzeko baimenak urtebeteko epea izango dute eta gehienez lau urte luza daiteke.

Baratze Parkea, Alegian aisialdirako gune berri bat izango da. Parke-lorategia ere izango da, bere ibilbideekin eta atseden hartzeko azpiegiturekin. Diseinua asko zaindu da, estetikoki leku erakargarria, atsegina eta funtzionala izan dadin.

Erabiltzaileak elkarren artean antolatu dira eta Belostegi Baratzak izeneko elkartea sortu dute. Modu horretan, erabiltzaileen arteko komunikazioa hobetzea lortuko da eta edozein eskaera edo iradokizun egiteko egitura finko bat izango dute.

Elkargune bat izango da, bertan adin eta mota desberdinetako jendea elkartuko da eta elkarlanean ariko da.

Ingurumenaren eta osasunaren zainketan jendea hezteko leku aproposa izango da. Barazkiak modu ekologikoan ekoiztuko dira eta horretarako ikastaroak emango ditu Ekoguneak.