Albisteak

2014 Urtarrila 31

Antzuola ere Ontziratu zaitez! kanpainarekin bat

Kutxa Ekoguneak eta Antzuolako Udalak Ontziratu zaitez! kanpaina abiatuko dute, denda horietan ohikoak diren paper eta plastikozko poltsak murrizteko eta ontzi edo tuperren erabilera bultzatzeko.

 

 

Helburuak:


- Antzuolako dendetan paper eta plastikozko poltsen
 erabilera murriztea.
- Herritarren artean kontsumo arduratsuaren aldeko jokaera zabaltzea.

Ontziratu zaitez! kanpaina abian jarriko da otsailean, eta sei hilabetez luzatuko da. Kanpaina gaur otsailaren 31ean aurkeztu da, Antzuolako udaletxeko pleno aretoan. Bertan izan dira, Kutxa Ekoguneko Kontsumo Jasangarria saileko arduradun Amaia Otazo eta Ima Beristain Antzuolako alkatea.

Kanpaina aurrera ateratzeko Kutxa Ekogunea eta Antzuolako Udala, lehenik, dendariekin izan dira. “Eskertzekoa da agertu duten jarrera eta borondate ona”, adierazi dute bi erakundeetatik.

Bigarren pausoa herritarrei etxebizitza bakoitzeko ontzi bana ematea izango da. Ontziak doan banatuko dira, otsailaren 6ean arratsaldez 16:00etatik 19:00etara Udaletxeko arkupeetan eta otsailaren 7 ostiralean, goizez, 9:00etatik 12:30etara Udaletxean bertan.

Kanpainak dirauen sei hilabeteetan zehar, herriko dendetan erosketak egiteko ontzi berrerabilgarria erabiltzen dutenek zozketa berezietarako txartelak lortuko dituzte. “Hilean behin, 20 euroko balioa duten produktuen zozketa egingo da. Beraz, ez dago galbiderik: zenbakia egokia baduzu, hileko irabazlea zara”.

Ontzi berrerabilgarriak, Ontziratu zaitez! lelopean

Ontziratu zaitez kanpainarekin produktu freskoak erosten direnean sortzen diren hondakinak murrizten lagundu nahi da. “Erosketa hauek egiterakoan hondakin kopuru handia sortzen da, produktu hauek paperean biltzeaz gain, plastikozko poltsa baten edo bitan sartzen baitira ondoren eta bizitza oso laburreko materialak dira”, azaldu du Otazok.

Ekimen honekin hiru lorpen egiten direla ziurtatzen dute kanpainaren bultzatzaileek: batetik, erosketak egitea “erosoagoa” izango da. “Behin etxera heltzerakoan, ontzia zuzenean hozkailuan sartzeko aukera izango dute herritarrek; modu garbi batean gainera”.

Bestetik, saltokientzako kostua murriztu egiten da. Izan ere, ez dute hainbeste paper eta plastikozko poltsa erabili behar izango.  “Eta azkenik, lehengai gutxiago gastatuko denez, ingurumenarentzat, eta beraz guztiontzat, positiboa da”, gaineratu da.

Kutxa Ekoguneak 2011ko maiatzean Ontziratu zaitez! kanpaina Hernanin martxan jarri zuenetik,  egitasmoa Gipuzkoako 28 herrietara zabaldu da. “Ordutik bi urte igaro dira, eta herritarrek ontzien erabilera barneratu dute, eta ingurumena kaltetzen duen hondakin kopurua murrizten ari dira. Antzuolan ere bide bera hartzea litzateke kanpaina honen helburu nagusia. Eta hori zuen, herritarren esku dago”.