Udazken bete betean gaude eta udako kultibo asko kentzeko garaia iritsi zaigu, konpostaguneak hondar begetalez betez; beraz, hauxe bai sasoi aproposa konposta egoki egiten ikasteko!
Sareko Baratze Parketan sortutako hondar begetalekin konposta egiten dugu modu kolektiboan, tontorreko teknika aplikatuz. Ondoren, baratzeak ongarriztatzeko erabiltzen dugu egindako konposta, zikloa itxiz.
Konposta modu oso erraz batean egiten da, baina jakintza minimo batzuk behar dira horretarako. Horregatik, Sareko Baratze Parke ezberdinetan, auzokonposta tailerrak egin ditugu azken aste hauetan: Tolosa, Urnieta eta Berrobiko Baratze Parketan egin dira hain zuzen.