Albisteak

2014 Iraila 26

Azpeitiko baratze parkea inauguratu dute

116 partzelaz osatua dago, 44 Olatz ondoan egokitutako zelaian daude eta beste 72ak Otzaka aldean, 2007. urtetik martxan azken hauek.

Asteazken honetan inauguratu dute Kutxa Ekoguneak bultzatutako Azpeitiko baratze parkea. 116 partzelaz osatua dago, 44 Olatz ondoan egokitutako zelaian daude eta beste 72ak Otzaka aldean, 2007. urtetik martxan azken hauek.

Dagoeneko 85 partzela daude banatuak, beraz, oraindik ere lursaila eskuratzeko aukera zabalik dago eta udaletxean egin daiteke eskaera. Partzela horiek banatzerako orduan irizpide sozialak erabili dituzte, krisiak gehien eragin dituen kolektiboak kontutan hartuz, eta beraz, langabetu eta erretiratuek lehentasuna eduki dute. Gainera, 3 partzela gorde dira talde berezientzat.

Baratze hauen helburua, aisialdi kolektiborako topagune bat izatea da, gizatalde ezberdinen arteko harremanak bultzatuz eta guzti hori, nekazaritza ekologikoaren jarraibideak jarraituz.

Lursailen tamainari dagokionez aukera ezberdinak daude: Olatz auzoko baratzeak, 40 m2-koak dira, eta Otzakakoak aldiz 85 m2-koak. Horretaz gain, herramintak gordetzeko etxola bat ere badute. Baratzaren esleipena urtebetekoa izango da, baina 4 urtera arte luzatu daiteke. Nekazaritza ekologikoaren jarraibideak ikasteko, Kutxa Ekoguneak formazioa eskainiko die bertako erabiltzaileei, hilero baratzeetara egingo duten tutoritza zerbitzuaz gain.

Azpeitiako baratze parkea, Ekoguneak bultzatutako 9.a da eta helburua hamasei herritara zabaltzea da.