Baratze eremuan 49 partzelentzako lekua dago, horietako bat, behar bereziak dituen pertsonarentzako egokitua. Pasaden ekainaren hasieran hasi ziren erabiltzaileak lanean haien partzeletan.
Urnietako Baratze Parkearen irekiera ofizialean, Kutxa Ekoguneko eta Udaleko ordezkariak.
Urnieta, Kutxa Ekoguneak abian jarritako Baratze Parke sarera batu da. Gaur eguerdian burutu da Baratze Parkearen inaugurazio ofiziala eta aurkezpen saioan izan dira Mikel Pagola Urnietako alkatea, Udaletxeko 3 alderdietako ordezkariak eta Mikel Insausti Kutxa Ekoguneako zuzendaria.
Baratze eremuan 49 partzelentzako lekua dago. Horietatik 48 lursail 40 metro karratukoak dira, eta, bestea berriz, behar bereziak dituen pertsonarentzako egokitua. Gainera, erabiltzaileek erremintentzako biltegi eta aldagela gisa erabil dezaketen etxola dute bertan, baita uraskak eta auzokonposta egiteko gunea ere. Lursailak urtebeterako eman dira, baina epea lau urtera arte luzatu daiteke.
Kutxa Ekoguneak elikadura eta ohitura osasuntsuak sustatzearen aldeko apustua egiten du eta bide hori egin nahi du Urnietako Udalak ere. Izan ere, Pagolak eta Insaustik azaldu dutenez, Baratze Parkeak norberaren barazkiak era ekologikoan egiteko aukera eskaintzen du. Halaber, aisialdi aktiborako topagunea izango da, giza talde ezberdinen arteko elkarbizitza eta harremana bultzatuko duen gune berdea. Bertan belaunaldi ezberdinen arteko trukea emateko aukera izango da, txiki zein helduen artean, naturarekiko errespetua sustatuz.
Baratze Parkeko lursailen emaitzak auto-hornikuntzarako erabiliko dira. Hau da, lurraren fruituak, baratzen laborantzak emanak, norberaren kontsumorako izango dira, inolako etekin ekonomikorik jasotzeko aukerarik izan gabe.
Aipatu moduan erabiltzaileak ekainean hasi ziren haien partzeletan lanean, baratzezaintza ekologikoa oinarri hartuz, eta Baratze Parke Sareak eskaintzen dizkien zerbitzu eta aholkuen laguntzarekin: baratzezaintzaren oinarriak ikasteko ikastaroa (Urnietako adjudikatzaileek maiatza eta ekainean egin zuten), baratzeen egoeraren jarraipenak, tailer praktikoak, ekitaldiak, baratzetarako material desberdinak (konposta eta egituratzailea GHKri esker, erremintak Bellota-ri esker...).
2012an proiektua hasi zenetik, 13 Baratze Parke ditu Ekoguneak, Lezo, Errenteria, Hernani, Usurbil, Tolosa, Azpeitia, Alegia, Zegama, Anoeta, Elgeta, Azkoitia, eta Urnieta. Orotara, 917 lursail eta 43.200 metro karratu inguru. Eta sarea zabaltzen doa, Berrobi eta Irungoa izango baitira inauguratuko diren hurrengo Baratze Parkeak datozen hilabetetan. Eta udaberrian berriz Ikaztegieta eta Beasaingoak ere martxan jarriko dira.