Albisteak

2018 Uztaila 12

Baratzea nagusi Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan

Kutxa Ekoguneak 2018ko ekainaren 25 eta 26an,  “Elikadura burujabetza hezkuntza formalean lantzeko erremintak” izeneko EHUko Uda Ikastaroan parte hartu du Miramar Jauregian,  Euskal Fondoarekin elkarlanean EAThink proiektua aurkeztuaz.

“EAThink: bertokoa jan, mundua buruan” proiektuaren helburua Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean giza garapen global jasangarriaren arloan jarrera kritikoa eta konpromiso aktiboa sustatzea da. Bereziki, gaur egungo elikadura ereduak sortzen dituen interdependentziei, janaria ekoizteko sistema jasangarriei eta maila txikiko nekazaritzari arreta jarriz eta hezkuntza curriculumarekin bat eginez.

Europar Batasunak dozena bat herrialdeetan hasitako proiektua da eta gurean,  Euskal  Fondoarekin lankidetzan Euskal Herriko ia 100 eskoletan ibili gara 2017-18 ikasturtean tailerrak ematen. Tokikoak, ekologikoak eta garaikoak diren produktuak ekoizteak eta kontsumitzeak gure eta mundu mailako nekazaritza ereduetan duen eragina barneratzeko aukera ematen digu proiektuak.

Baratzearen balio pedagogikoa nabarmendu dute hizlari guztiek ikastaroan eta, bide honetan, azpimarragarria da Baratze Parke Sarea proiektuak berak duen balio estrategikoa. Batetik, Sareko baratze parkeek eta Ekoguneko Baratze Eskolak aukera paregabea eskaintzen diete eskolei lursail bat eskuratzeko edo Ekoguneko hezkuntza eskaintzako baratzari lotutako tailerrak egiteko. Bestalde, Baratze Parkeko lursaila izanik, aisialdian baratzean gozatzeko aukera dute baratzekideek beraien seme-alabekin. Izan ere, Ekogunean argi dugu baratzea eginez, kontsumitzaile arduratsuagoak izatetik gertuago izango direla datozen belaunaldiak.

INFO +: http://www.euskalfondoa.org/eu/eathink