Algortako Bertso Eskolak eta Lasarte-Oriako Dinbi Banda Batukada taldeak 3.000€ko sari potoloa erdibanatu dute beraien proiektuak finantziatzeko.
Kutxa Ekoguneak hirugarren urtez antolatu du Euskararen Ginkana, euskaraz eta euskararekin dibertitzeko helburuarekin. Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean gauzatu da lehiaketa eta, lehen aldiz, parte hartzea taldekakoa izan da. Parte hartze zabala eta anitza izan du Euskararen Ginkanak, jarritako aurreikuspen guztiak gaindituz.
Izaera eta eremu geografiko desberdinetako 42 taldek erantzun diote deialdiari: Hego Euskal Herriko lurralde desberdinetako aisialdi eta kultura taldeak, euskara elkarteak, euskaltegiak, mintzapraktika taldeak, bertso eskolak, guraso zein ikasle taldeak, …
Sei astez online lehiatu ostean, 4 talde bakarrik lortu dute final handirako pasea:
- Onddo Beltzak taldea Atarrabiako Karrikaluze euskara elkartearen izenean.
- Algortako Bertso Eskola.
- Lasarte-Oriako Dinbi Banda Batukada taldea.
- Gasteizko GEU elkarteko Igandeak Jai egitasmoa.
Umore eta laguntasun handiko finala
Ilaski Serranoren gidaritzapean, Euskararen Ginkanako azken bost probak Donostiako San Telmo Museoan bertan burutu behar izan dituzte lau talde finalistek. Horietan puntu gehien lortu dituzten bi talde Algortako Bertso Eskola eta Lasarte-Oriako Dinbi Banda Batukada taldea izan dira. Finalaren azken proban puntuazio berdinketa ematean, bi taldek 3.000euroko saria erdibana egitea erabaki dute aho batez.
“Oso pozik gaude sekula ez dugulako hainbesteko dirulaguntza jaso. 1.500 eurorekin gauza asko egin ahal izango ditugu eskolan”, esan du Algortako Bertso Eskolako taldekide batek.
“Sari erdia nahikoa da Euskal Herri osoan danborraren soinua zabaltzeko!” adierazi dute Lasarte–Oriako Dinbi Bandako taldekoek.
Sari banaketa Mikel Insasusti Kutxa Ekoguneko zuzendaria eta Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariaren eskutik izan da. Mikel Insaustik adierazi duenez, “Eskerrak eman nahi diogu Topaguneari eta parte hartzaile guztiei, urtez urte euskera eta hizkuntzen alde azaldu duten jarrera positibo eta aktiboagatik".
Hizkuntzen aniztasuna ere jasangarritasuna ulertzeko bidea da eta horregatik datozen urteetan Ekogunetik honen aldeko proiektuak egiten jarraituko dugu”. Jasone Mendizabalek bere aldetik, zera esan du: “Hizkuntzak eta hauen aniztasuna dira kultura eta munduaren oinarri. Horregatik oso garrantzitsua da lehiaketa osoa zehar eta gaur bereziki, lehiakideok azaldu duzuen laguntasuna. Horren erakusle sari potoloa erdibanatzearen erabakia izan da”.
Azkenik, aurtengo edizioari amaiera emateko, lehiakide guztiak Donostiako Rekalde tabernan elkartu ziren festa giroan, batukada eta guzti.