Albisteak

2014 Urria 21

Ekogunea, aisialdi aktiborako topagune berria

 

Parkera iristeko garraio publikoa, bizikleta edo kotxe partekatua erabiltzea gomendatzen da.

Udazkenari ongi etorria emateko asmoz, familia guztiari zuzendutako ekimen egitaraua antolatu du Kutxa Ekoguneak Ekogunea Parkean (Donostia).

Haur, familia eta gazteentzako hainbat ekintza izan dira goizeko 10:30tik 15:00ra. Goiz osoan zehar bisitariek tailerrak, bisita gidatuak, berba gunea, zozketatan parte hartzeko aukera izan dute, baita produktu ekologikoak dastatzeko ere bai.

Modu honetan, Ekogunea parkeak bere ateak ireki ditu publiko orokorrari. Joan den udaberrian bertako Baratze Parkea abian jarri zenetik, Donostia, Hernani eta Lasarteko baratzekideak lanean aritu dira parkean, bertan egokitutako 160 lursailetan.

Gaurtik aurrera berriz, publiko orokorrak parkean izango diren ekimenetan parte hartzeko aukera izango du, urte osoan zehar: Baratze Eskolan bisita gidatuak, tailer eta ikastaro praktikoak, ikastetxeentzako hezkuntza programa berezia eta beste hainbat ekintza izango dira aisialdi aktiborako topagune berri honen eskaintza.

BARATZE ESKOLARA BISITAK GIDATUAK

Baratze Eskolan bisitariek aukera izan dute baratze ekologikoaren esentzia, inguruarekin duen erlazioa, kultura, barazkien ziklo osoak, konposta eta beste hainbat bitxikeria ezagutzeko.

EKOBIRA KONTSUMO JASANGARRIAREN AZOKA

EkoBira Kontsumo Jasangarriaren azokak bere laugarren edizioaren azken bisita Ekogunean izan du. Azoka ibiltari honek beste kontsumo era bat posible dela erakutsi die bertaratu direnei. Besteak beste, kotxe eta bizikleta elektrikoan ibiltzeko aukera izan dute eta produktu ekologikoaz osatutako lotearen zozketan partu dute.

ARGAZKI MARATOIA

Bi orduko denbora tartean, argazki kamera edo mugikorrarekin ateratako argazki bidez, istorio bat kontatu behar izan dute lehiakideek. 11 urteko Manexek 4 lagunentzako rafting jaitsiera irabazi du ‘txorien helgaldia’ izeneko argazkiari esker.

HELDU ZEIN TXIKIENTZAKO TAILERRAK

Familiek eta lagun taldeek parte hartu dute Ekoguneak eskeinitako tailerretan. Batetik, neguko baratzea prestatzeko ikastaroan hainbat gomendio eta aholku praktiko jaso dituzte partehartzaileek eta datozen hilabeteetarako plangintza osatu dute.

Bestetik, txori-jantokiak egiteko tailerrean hainbat familiek parte hartu dute. Material birziklatuak erabiliz, txoriak elikatzeko ontziak eta etxetxoak egin dituzte.

DORA SALAZARREN "MUJER ÁRBOL" ESKULTURAREN INAUGURAZIOA

Dora Salazar artista nafarra, Gipuzkoan 80. hamarkadatik oso ezaguna da bere eskultura publikoengatik. Oraingo honetan Ekoguneko parkea aukeratu du "Mujer árbol" eskultura kokatzeko, kulturak naturari kendu dionaren zati bat bueltatuz. Dora Salazarren hitzetan, emakumeak zuhaitzak bezain beste lurraz, argiaz eta uraz elikatzeko beharra dauka.

 

Mugikortasun jasangarria bultzatuz

Ekogunea parkera iristeko, garraio publikoa, bizikleta edota kotxe partekatua erabiltzea gomendatu izan da. Izan ere, bisitariek festara etortzeko bidean isuri duten CO2a konpentsatzeko hainbat aukera eskaini dira.