Albisteak

2015 Ekaina 30

Elgetako Baratze Parkea abian da

Mikel Insausti eta Amalia Virto Kutxa Ekoguneko ordezkariak Elgetako alkatearekin batera aurkezpenean.

Kutxa Ekoguneak elikadura eta ohitura osasuntsuak sustatzearen aldeko apustua egiten du eta horretarako Baratze Parkea Sarea martxan jarri zuen Gipuzkoako hainbat herritan. Orain Elgeta ekimenera batu da gaur Baratze Parkea inauguratuz.

Baratze Parkea Sareko aurkezpen saioan Iraitz Lazkano Elgetako alkatea eta Mikel Insausti Kutxa Ekoguneako zuzendaria izan dira. Bertan azaldu dutenez, Baratze Parkeak norberaren barazkiak era ekologikoan egiteko aukera eskainiko du. Aisialdi aktiborako topagunea izango da, giza talde ezberdinen arteko elkarbizitza eta harremana bultzatuko duen gune berdea. Bertan belaunaldi ezberdinen arteko trukea emateko aukera izango da, txiki zein helduen artean, naturarekiko errespetua sustatuz. Baratze Parkeko lursailen emaitzak auto-hornikuntzarako erabiliko dira: lurraren fruituak, baratzen laborantzak emanak, soilik kontsumitu ahal izango dituzte familia-unitateek, etekin ekonomikorik jasotzeko aukerarik izan gabe.

2012an proiektua hasi zenetik, 11 Baratze Parke ditugu Ekogunea, Lezo, Errenteria, Hernani, Usurbil, Tolosa, Azpeitia, Alegia, Zegama, Anoeta eta Elgeta. Eta sarea zabaltzen doa, Azkoitia eta Zumaia izango baitira inauguratuko diren hurrengo Baratze Parkeak 2015ean zehar. Orotara 850 lursail eta 44.000 metro karratu inguru 13 parketan.

Elgetako Udalak zenbait udal partzela herritarren eskura jarri ditu aisialdirako baratze modura erabiltzeko. Eibarrerako bidearen ondoan kokatuta dauden baratza hauek, nekazaritza ekologikoan oinarrituta egongo dira eta 50 m2 ingurukoak dira.

Guztira, 20 lursail daude prestatuta, hauetatik 14 esleitu dira dagoeneko. Oraindik libre dauden gainontzeko 6ak eskuratu nahi dituzten herritarrek izena eman dezakete udaletxeko idazkaritzan.