Albisteak

2021 Martxoa 25

Erlaitza Eskolak irabazi du Euskararen Ginkana

Aurten ia 60 talde euskaraz jolasten aritu dira, eta bitartean hizkuntza ekosistemaren garrantziaz jabetu ere! Horietatik 28 talde iritsi dira azken frogaraino, 143 pertsona.

Pasa den larunbatean horietako 4k finala jolastu zuten etxetik, Kike Amonarrizek eta Illaski Serranok aurkezleak Kutxa Kulturreko plazatik ekitaldia bideratzen zutela. Ezagutu nahi al dituzu?

  • Mintzontziak (Euskal Herriko partaideak) Euskal Herri mailan euskaltzaleen mugimenduko elkarte askotako pertsonak batzen ditu. Irabaztekotan, sariarekin euskarazko proiektu ezberdinei bultzada eman nahi diete.
  • Arbolarte (Bizkaia) mugikortasun murriztua duten pertsonek osatzen dute Arbolarte. Gizarteko inklusibo bat eratzeko asmoarekin hurrengo Korrikan parte hartu nahi dute eta sariaren diruarekin kilometro bat erosiko lukete.
  • Buztantxo (Gipuzkoa) Arrasate Herri Eskolako guraso elkartea da. Eskolan euskararen aldeko ekintza ezberdinak antolatu nahi dituzte eta horregatik lehiatu dira.
  • Erlaitza Eskola (Lapurdi) Urruñako Erlaitza Eskola aktiboa, euskaraz irakasten duen eskola txiki bat da. Bere biziraupena bermatzeko baliabide ekonomikoak behar ditu, zaila baita gastuei aurre egitea. Irabaztekotan, diru guztia alokairua ordaintzeko erabiliko luketela esan ziguten.

Eta jakin nahi al duzu nork irabazi duen? Ba Erlaitza Eskolak!!!! Eta 3000€ jaso ditu Euskararen Ginkanan izena ematerakoan aurkeztu zuen proiektua gauzatzeko.

Eta finala ikusi dezakezu esteka honetan: Euskararen Ginkana: finala

Euskararen Ginkana

Kutxa Ekoguneak euskaraz eta euskararekin dibertitzeko antolatzen duen taldekako lehiaketa da Euskararen Ginkana. Euskaltzaleen Topaguneak eginen ditu koordinazio lanak.

Helburua herritarren artean hizkuntzekiko sentiberatasuna eta euskararen erabilpena sustatzea da, hizkuntzen zein aniztasunaren jasangarritasuna eta hizkuntza-ekologiaren kontzeptuak ezagutzera emanez. Horretarako, urtero gai zehatz bat aukeratzen da eta burutu beharreko probak gai horri buruzkoak izaten dira.