Albisteak

2014 Abendua 10

Etxeko Ura kanpaina Urola garaian da

Datozen asteetan 1.000 ur pitxar inguru banatuko dira Zumarraga, Urretxu, Legazpi eta Ezkio-Itsasoko jatetxe eta tabernatan bezeroek iturriko ura kontsumitzeko ohitura bereganatu dezaten.

Dagoeneko hainbat lurralde eta hirietan ostalaritzan iturriko ura eskaintzea oso ohitura normalizatua da. Euskal Herrian berriz, ez dago horren zabaldua.

Horregatik, Kutxa Ekoguneak, Uggasa, Gipuzkoako Ur kontsorzioa eta Aquarbek Etxeko Ura kanpaina abian jarri dute Urola Garaiko iturriko uraren erabilera bultzatzeko asmoz. Ekimen honek helburu hirukoitza du: uraren kalitatea bistaratzea, plastikozko botilako ura kontsumitzeak sortzen duen inpaktua gutxitzea eta kontsumitzaileak kontsumo kontziente baterako bidean jarrera aldaketak barneratzea.

Etxeko Ura ekimenaren asmoa Gipuzkoako iturriko uraren kalitatea balioan jartzea da eta horretarako, datozen asteetan beirazko 1.000 ur pitxar berrerabilgarri inguru banatuko dira kanpaina honetan parte hartzeko interesa azaldu duten ostalarien artean.

Modu honetan, ostalariek iturriko ura aprobetxatuz kalitate berbera eskeiniko dute baina aztarna ekologikorik gabe. Gainera, bezeroek etxetik kanpo uraren kontsumo ohiturak berritzea lortuko dugu kanpaina irauten duen denbora tartetik harago.

Ezkio- Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako udalek eskerrak eman nahi dizkiete kanpainan parte hartzen ari diren eskualdeko establezimenduei, eta herritarrak eta bertako familiak animatu nahi dituzte taberna edo jatetxeetan iturriko ura eskatzera, bizitza kalitatean hobetu eta ingurumenaren hobekuntzan aurrera egiteko, norbanakoaren konpromisoa ezinbestekoak baitira.
 

Etxeko Ura kanpaina zenbakitan

Etxeko Ura ekimenaren lehenengo fasea duela urtebete abian jarri zen eta oro har, kanpainak oso harrera ona izan du osatalarien artean. Guztira, 320 jatetxek eta tabernek bat egin dute Etxeko Ura kanpainarekin. Nahiz eta kanpaina aste honetan martxan jarriko dugun, Urola Garaian dagoeneko 17 establezimenduetan Etxeko Ura eskeintzen da eta espero da datozen hilabeetan atxikimenduak areagotzea.

Etxeko Ura kanpainari esker, plastikozko 62.000 botila aurrezten ari da hilean.
 

Ezagutu ‘Grifoterapia’

Abenduan zehar Urola Garaiko udalerrietan Grifoterapia kale ekintza ibiltaria izango da Legazpi, Zumarraga, Urretxu eta Ezkio-Itsasoko herritarrek iturriko ura eskatzeari dioten beldurra gainditu dezaten. Grifoterapia kale ekintzak honako egun eta ordutegietan izango da:
 

  • Abenduak 11, 17:00-21:00: Legazpi
  • Abenduak 12, 17:00-19:00: Zumarraga
  • Abenduak 12, 19:00-21:00: Urretxu
  • Abenduak 19, 16:30-18:30: Ezkio-Itsaso
  • Abenduak 20, 10:30-12:30: Zumarraga
  • Abenduak 20, 12:30-14:30: Urretxu


Grifoterapia praktikatzen hasiz gero, urtarrilak 9a baino lehen zozkatuko diren ‘Etxeko Ura’ kristalezko ur pitxar dotore bat irabazteko aukera izango dute partehartzaileek.