Albisteak

2017 Azaroa 15

Etxeko Ura kanpainak parte hartu du Basquetourrek antolaturiko turismo jasangarriaren jardunaldian

Atzo, azaroak 15, Basquetourrek antolatutako "Turismo sektorea: ingurumenarekiko jasangarritasuna nola lortu?" ekitaldia egin zen Plaza Bizkaian. Jardunaldia enpresa turistikoei, eta Euskadiko helmugetako kudeaketa-teknikari, lehiakortasun teknikari eta produktu teknikariei zuzenduta zegoen. Helburua Euskadiko turismo sektoreari ingurumenaren kudeaketa hobetzeko eskura dituen tresnak aurkeztea izan da.

Jardunaldi horretan, besteak beste honako gai hauek jorratu dira: Garapen Iraunkorrerako 2030 Euskadiko Agenda, ingurumen kudeaketarako ECOLABEL eta EMAS bezalako tresnak, ingurumenerako jasangarriak diren garbiketa produktuak, energia-eraginkortasuna, paper-desegingarria ura babesteko etab.

Ekoguneko Amaia Otazok, Kutxa Ekoguneko Kontsumo eta Ohitura jasangarri eta solidarioen arduradunak, Etxeko Ura proiektua aurkeztu zuen jardunaldian, "Jardunbide egokiak/merkatu-konponbideak" atalean. Kutxa Ekogunearen nahia ekimen hau Gipuzkoan zehar zabaltzea da, eskualde bakoitzeko erakundearekin batera, ura kontsumitzeko ohitura jasangarriagoak bultzatuz. Ekimen honek helburu hirukoitza du: uraren kalitatea bistaratzea, plastikozko botilako ura kontsumitzeak sortzen duen inpaktua gutxitzea eta kontsumitzaileak kontsumo kontziente baterako bidean jarrera aldaketak barneratzea.