Albisteak

2015 Apirila 13

Euskararen Ginkanaren finala larunbat honetan Ekogunean

Euskararen Ginkana lehiaketako lau talde finalistak larunbatean jokatuko dute azken txanpa, Ekogunea Parkean egingo dugun finalean, 12:00etatik 14:00etara. Lau lurraldeetako ordezkaritza izango dugu finalean eta talde oso anitzak hartuko dute parte: sexu hezkuntza euskaraz egin nahi duen EMAIZE talde Arabarra, Euskararen Ginkanan bigarren aldiz parte hartzen ari den Lizarrako Pintxopotepraktika taldea, Durangoko Kurutziaga ikastolako euskara taldea eta Arrasateko Ttak! Euskara Elkarteko kideak ere.

Lehia oso estua izan da lehiaketak iraun duen 6 aste hauetan, astero burutu dituzten on-line bidezko probetan zehar. Ibilbide bikainena egin dutenak dira aurretik aipatutako lau taldeak eta beraz finalerako sarrera lortu dutenak. Finalean puntuazio altuena lortzen duen taldea izango da Euskararen Ginkanaren 4. edizio honetako irabazlea eta 3000 €ko saria eskuratuko du euskararen aldeko egitasmo bat finantzatzeko.  
 
Finala larunbatean Ekogunean izango da, beraz, etorri animatzera! 

Informazio gehiago: euskararenginkana.net