Albisteak

2015 Apirila 15

Furgobaratza zerbitzu berria eta 2015eko eskaintza aurkeztu dugu

Amalia Virto, Iker Goikoetxea, Mikel Insausti eta Kakun Orbegozo Kutxa Ekogunea eta Kimu Bat-eko ordezkariak, aurkezpenean.

Gaurtik aurrera zerbitzu berri bat jarri dugu martxan Kutxa Ekogunetik: Furgobaratza. Hilean behin Furgobaratza hurbilduko da Gipuzkoako Baratze Parketara, egun eta ordu finko batean, baratzakideei aholku teknikoak eta gomendiok eskaintzera, eta landarea eta produktu ekologikoak ere eskuragarri egongo dira.

Non eta noiz?

APIRILA
15 Lezo, 16 Anoeta, 17 Alegia, 18 Azpeitia, 24 Errenteria, 25 Usurbil.
MAIATZA
2 Tolosa, 9 Ekogunea, 9 Hernani, 13 Elgeta, 15 Alegia, 16 Azpeitia, 20 Lezo, 21 Anoeta, 22 Errenteria, 23 Usurbil.
EKAINA
6 Tolosa, 10 Elgeta, 13 Ekogunea, 13 Hernani, 17 Lezo, 18 Anoeta, 19 Alegia, 20 Azpeitia, 26 Errenteria, 27 Usurbil.
UZTAILA
3 Alegia, 4 Tolosa, 8 Elgeta, 11 Ekogunea, 11 Hernani, 1 5 Lezo, 16 Anoeta, 17 Usurbil, 18 Azpeitia, 30 Errenteria.
ABUZTUA
1 Tolosa, 8 Ekogunea, 8 Hernani, 12 Elgeta, 19 Lezo, 20 Anoeta, 21 Alegi, 22 Azpeitia, 29 Usurbil.
IRAILA
5 Tolosa, 9 Elgeta, 12 Ekogunea, 12 Hernani, 17 Anoeta, 18 Alegi, 19 Azpeitia, 26 Usurbil.
URRIA
3 Tolosa, 10 Ekogunea, 10 Hernani, 14 Elgeta, 15 Anoeta, 16 Alegi, 17 Azpeitia, 24 Usurbil.
AZAROA
7 Tolosa, 11 Elgeta, 14 Ekogunea, 14 Hernani, 19 Anoeta, 20 Alegi, 21 Azpeitia.

 

Furgobaratzaz gain, 2015ari begira prestatu dugun eskaintza ere aurkeztu dugu. Eskuorri batean bildu ditugu ekintza guztiak, beraz irakurtzeko sakatu jarraian dagoen irudiaren gainean:

MARTXAN DITUGUN PROIEKTUEN EMAITZAK

Baratze Parke Sarea. 2015ean 13 baratze izatera iritsiko gara. Kutxa Ekogunean elikadura eta ohitura osasuntsuak sustatzeko helburuaz, Baratze Parkea Sarea egitasmoa abian jarri genuen Gipuzkoako hainbat eskualde eta udalerritan. Baratze Parkeak lursail bat eskuratzeko aukera eskaintzen dio herritarrari, norberaren barazkiak autokontsumorako eta ekologikoan ekoizteko helburuarekin. 2012an proiektua hasi zenetik, 9 Baratze Parke ditugu Ekogunea, Lezo, Errenteria, Hernani, Usurbil, Tolosa, Azpeitia, Alegi eta Zegaman. Eta sarea zabaltzen doa, Anoeta, Elgeta, Azkoitia eta Zumaia izango baitira Baratze Parkeak izango dituzten hurrengo lau herriak 2015ean zehar. Orotara 850 lursail eta 44.000 metro karratu inguru 13 parketan.

Baratze Parke Sareak Kutxa Ekogunea parkean du egoitza nagusia eta 2015ean bi eraikin biojasangarri oso berezi eraikiko ditugu bertan. Lehenengoa, bertako baratzezainentzako zerbitzuak eskainiko dituen eraikina eta bigarrena, lasto-fardoekin egindako etxola, besteak beste negutegi txikia bilduko duena. Gainera, sareko Baratze Parke guztietan, ikastaro, tailer eta festa desberdinak antolatuko dira urtean zehar, bai baratzekideentzat, nola beste herritarrentzat ere. Ikus eskuorria.

EkoBira, gure azoka berdea. EkoBira kontsumo berdea sustatzeko azoka ibiltaria da. Hiru urteetan Gipuzkoako 31 herritik pasa da eta ia 60.000 bisitari izan ditu. Aurtengo udaberrian, Deban hasi zuen ibilbidea, eta Ordizian (maiatzak 16) eta Oiartzunen (maiatzak 23) izango da. Urtea bukatu baino lehen beste 5 herrietara hurbilduko da.


Etxeko Ura. Europako lurralde askotan iturriko ura eskaintzen digute ostalaritzan, menua edo plater konbinatua eskatzean. Euskal Herrian berriz, praktika hau ez dago horren zabaldua. Horregatik, Kutxa Ekogunearen nahia Etxeko Ura ekimena Gipuzkoan zehar zabaltzea da, eskualde bakoitzeko erakundeekin batera, iturriko ura kontsumitzeko ohitura jasangarria berreskuratzeko. Txingudi, Añarbe eta Urola Garaiko eskualdeetan 400 bat establezimendu atxiki dira dagoeneko ekimen honetara eta aurten Tolosaldean eta Debagoienan gaude.  

Guztira, kanpaina hasi zenetik, aurtengo kanpainak barne, 6.500 pitxer inguru banatuko dira eta kanpaina honi esker, hilabetean 62.000 bat botila aurrezten dira atxikituta dauden taberna eta jatetxe guztien artean. Eta gauzatutako balorazioaren emaitzetan oinarrituz, bezeroen harrera oso positiboa izan da kasu gehienetan, bezeroen %65ak 7tik gorako nota jarri dio ekimenari.

Ontziratu zaitez! ekimenak arraina eta haragia erosterakoan sortzen diren hondakinak murrizten lagundu du azken urteotan Gipuzkoa osoan. Izan ere, produktu hauek erosten ditugunean paperean biltzeaz gain plastikozko poltsa bat edo bitan sartzen ditugu ondoren. Alternatiba gisara, Gipuzkoako 40 udalerritan 70.000 ontzi edo tuper banatu ditugu Ontziratu zaitez! lemapean eta kanpaina hau abian den herri eta eskualdeetan, jendearen ohiturak aldatzen ari dira: 27.000 erosketa hilero ontzi bitartez egiten dira, 150 kg paper gutxiago kontsumitzen da hilean eta 16.000 plastikozko poltsen aurrezpena lortzen da hilean. Dagoeneko 260 arrandegi eta harategi baino gehiagok egin dute bat Ontziratu zaitez! kanpainarekin. Eta 70.000 familiek tuperra erabiliz, 285.000 erosketa inguru egin dituztela adierazten dizkigute orain arte jasotako datuek.  

Ingurumen hezkuntza. Ekogunean hezkuntza etapa guztietarako eguneko bisita praktiko eta dibertigarriak egiten ditugu. Maiatzaren 31rarte izen ematea irekita duen ekintza 2015eko 6-12 urte bitarteko haurrentzako Ekoudalekuak dira. Hauetan, ekintza, jolas eta jarduera praktikoen bidez, naturaz gozatuko dugu: gure baratza egingo dugu, material birziklatuak erabiliko ditugu txorimaloak, eguzki labeak, txori janlekuak eta beste hainbat material sortzeko besteak beste.

Kutxa Ekoguneko 2015eko eskaintza. Ekoguneak urtaroka antolatutako tailer, ikastaro, topaketa, festa eta abarra laburbiltzen dugu aurkeztutako eskuorrian. Ikastaro hauetan gainera lehendabizikoz Kutxa Ekoguneak EKOPOLIS izeneko hirigintza jasangarria, bioeraikuntza eta eraikinen zaharberritzea bilduko dituen profesionalentzako topaguneak eta ikastaroak antolatzen hasiko da.

Hainbat tokitan antolatzen diren beste ekitaldietan ere aurkituko gaituzu lankidetzan:  
-    BIOTERRA. Produktu biologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren azokan izango gara ekainaren 5etik 7ra.
-    KILOMETROAK. 2015eko Kilometroak Usurbilgo Udarregi Ikastolaren aldekoa izango da aurten Urriaren 4ean. Ibilbidea Usurbilgo Baratze Parketik igaroko da eta bertan gure Furgobaratza izateaz gain, tailer ikusgarriak, bisita gidatuak eta etxeko txikientzat hainbat ekintza burutuko ditugu.

Eta laster Kutxa Ekogunean:

  • Familientzako aisia-lekua ari gara prestatzen, eguraldi txarra zein onerako aproposa.
  • Haur Hezkuntzako bigarren zikloko haurrei zuzendutako baso-eskola ari gara diseinatzen, naturan hezteak abantaila asko dituela sinesten baitugu.
  • Bentatxiki animalien baserria proiektua ari gara lantzen, arraza autoktonoak ezagutarazteko eta zaintza ekologikoaren teknikak areagotzeko.
  • Espazio desberdinak jarriko ditugu alokairuan zuk zeuk Ekogunean ekitaldiak, ikastaroak edo proiektuak garatzeko.