Etorkizun jasangarri baterantz aurrera egitea premiazko erronka da, eta erronka horri aurre egiteko, beharrezkoa da gazteria konprometitua izatea, lidergo eraldatzailea gauzatzeko prest dagoena. Premisa horrekin dator Gazte Ekoliderrak ekimena, iraunkortasunean eta lidergo eraldatzailean espezializatutako prestakuntza-ibilbidea.
Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak, Itziar Alkorta (UIK) UPV/EHUko Udako Ikastaroen Fundazioko zuzendari akademikoak eta Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendariak Gazte Ekoliderrak programa inauguratu dute ostegunean, Eureka! Zientzia Museoan.
Kutxa Ekoguneak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak bultzatutako programa honek 18 eta 30 urte bitarteko 29 gazte hautatu ditu, eta matrikularen %80ean diruz lagunduko die. Programaren helburu nagusiak jasangarritasunaren ezagutzan sakontzea, lidergo-gaitasunak eskuratzea, jarduteko ahalduntzea eta kontzientzia eta pentsamendu kritikoa sustatzea dira
Gazte Ekoliderrak programa Kutxa Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren lankidetzari esker jarri da martxan, Etorkizuna Eraikiz programaren barruan. Aurtengo edizioa, "Gazteak eta klima" Think Tank proiektuaren ekimen esperimental gisa garatuko da, (UIK) UPV/EHUko Udako Ikastaroen Fundazioak egiaztatuta.
Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak azpimarratu duenez, “belaunaldi berriak kezkatuta eta sentsibilizatuta daude klima-aldaketaren aurkako borrokan eta jasangarritasun-irizpideak barneratuta izango dituen gizarte- eta ekonomia-ereduaren aldaketan”. Foru diputatuak gaineratu duenez, “gazteak ahalmen eraldatzaile handiko eragile giltzarriak dira. Eredu ekonomiko berdeetara trantsizioa bultzatzen lagunduko dute Gipuzkoarako etorkizun jasangarri eta inklusibo bat eraikitzeko”.
Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendariak adierazi du, "ingurumenaren aldeko mugimendua indartu dadin, beharrezkoa da gazteria kontzientziatua izatea; pentsamendu kritiko eta konplexukoa, lidergoari aurre egiteko prestatua, ideia berritzaileak sortu eta inplementatuko dituena. Halaber, Gazte Ekoliderrak programaren inguruan honakoa esan du: "belaunaldi berri bati zuzendutako ziklo bat hasi dugu, egungo erronkari, abiadurari, metodologiari eta gazte profilari egokituz" eta azpimarratu du “gazteek hauspotzen” dituztela egungo erakundeak.