Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingumeneko diputatuak 2017ko diru laguntzen deialdia aurkeztu du, Gipuzkoako iraunkortasuna eta ingurumenaren hobekuntza sustatzen duten udalei, mankomunitateei, eskualdetako entitateei, elkarteei eta enpresei zuzenduak. Laguntza horiek 490.000 euroko zuzkidura bat dute.
Lau dira jarduera ildoak: etxeko hondakinen, antzekoen eta merkataritzako hondakinen prebentzioa eta birziklatzea sustatzen duten jarduerak, 200.000 eurorekin; energia berriztagarrien erabilera eta energia aurrezpena eta eraginkortasuna tokian sustatzen duten jarduerak, 100.000 eurorekin; Tokiko Agenda 21ak garatzeko eta tokiko edo eskualdeko garapena xede duten estrategiak eta planak idazteko jarduerak, 140.000 eurorekin; eta hezkuntza, prestakuntza, sentsibilizazio eta herritarren partaidetza hobetzeko eta aldaketa klimatikoari buruzko informazioa eskuratzeko programak, 50.000 eurorekin.
Aurten, laguntzak berrantolatu egin dira, irizpideak bateratu dira, prozedurak erraztu dira, eta balioespen irizpideak homogeneizatu dira, baina berrikuntzarik garrantzitsuena da deialdia lehen aldiz enpresei zabaldu zaiela, hartara, prebentzioa eta birziklatzea sustatzen duten jarduerak burutzen badituzte, diru laguntzak eskuratzeko aukera izan dezaten. "Garrantzitsua da enpresa horiek indartzea, produktu hauen merkaturatzeak arrakasta izan dezan. Gainera, alor horrek indar berritzaile handia du, eta garrantzitsua da sektore ekonomikorako eta enplegua eta aberastasuna sortzeko", azaldu du Asensiok.
Proposamenak balioesteko orduan, lehentasuna izango dute prebentzio jarduerek, eraginkortasunak, jardueren xede den herritar kopuruak eta izaera berritzaileak.
"Aldaketa klimatikoa, baliabideen gehiegizko erabilera eta bizitzari eusteko sistema naturalen bestelakotzea estutasun egoera edo maila orokorreko krisi bat sortzen ari dira, eta horrek eskatzen du iraunkortasuneko larrizko politiketara egokitzea eta maila guztietako neurriak exekutatzea, mundu mailatik toki mailara, eragile sozial guztien parte hartzearekin batera. Esparru honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio politika propio bat ezarri eta garatzea, Gipuzkoako garapen iraunkorrago bat lortzeko. Orobat dagokio helburu horretan laguntzen duten tokiko eta eskualdeko erakundeei, enpresei eta gizarte zibileko erakundeei laguntzea", esan du Asensiok.
Oinarriak
- Etxeko hondakinen eta merkataritzako hondakinen prebentzioaren, berrerabilpenaren eta birziklatzearen arloko jarduketetarako diru laguntzak (Elkarteak --> Ingurugiroa)