Albisteak

2017 Martxoa 01

GHK eta Kutxa Ekogunearen arteko hitzarmen berria sinatuta

Kutxa Ekoguneak eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak (GHK) hitzarmen berria sinatu dute gaur goizean, Gipuzkoako hainbat herritako materia organikoaren bilketaren bitartez lortzen den konposta, ongarri naturala bezala erabiltzen jarraitu ahal izateko Baratze Parke Sarea osatzen duten baratze ekologikoetan.

Gipuzkoako etxetako hondar organikoek, inausketako hondakinekin nahastuta,  konpostatze-prozesua pasatzen dute, Gipuzkoako Konposta sortuz. Higienizatu eta egonkortutako produktua da Gipuzkoako Konposta, elementu patogenoak eta belar txarren hazirik gabekoa, A+ Kalitateko Konpost egiaztatua eta bidezko Sandach baimena duena. Gure  baratze ekologikotako lurra ongarriztatzeko material aproposa da, 2016an Baratze Parketan egindako lur-analisiek baieztatu diguten moduan.

Hitzarmen berri honi esker, Sareko Baratze Parkeek konposta eskuratu dezakete doan, konpostaren garraioaren kostea jasoz soilik.

Orain arte bezala, ez dira onartuko pertsona partikularren konpost-eskaerarik, baratzekideen Elkarteek (edo Udalek) izan behar dira konpost eskaera egiten dutenak, Baratze Parke osorako. Eta eskatu beharreko konpost bolumena neurtuta dago iada, partzelen azalera eta lur-analisien emaitzen araberakoak baitira.

Beraz, Sareko baratzekideen Elkarte batek konposta jaso nahi badu, mezu bat bidali behar du helbide honetara: bpszerbitzuak@ekogunea.eus