Albisteak

2015 Maiatza 19

Gipuzkoako Konposta Kutxa Ekoguneko baratze ekologikoetan erabiliko da aurten ere

Mikel Insausti Kutxa Ekoguneko zuzendaria eta Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko lehendakaria.

Kutxa Ekoguneak eta Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak hitzarmena berritu dute gaur, materia organikoaren bilketaren eraginez lortzen den konposta ongarri natural bezala erabiltzeko Baratze Parke Sarea (BPS) osatzen duten 726 baratze ekologikoetan. Hitzarmen honen ondorioz BPS-ren erabiltzaileek lurzorua mimatzeko eta barazkiak elikatzeko behar adina konpost izango dute eskura, eta bide batez, hondakin organikoen zikloari itxiera emango zaio, sukaldetako hondakinak berriz ere sukaldetara itzuliz, barazki gozoen itxurapean baina.

Hitzarmen honen helburuak, Mikel Insaustik, Kutxa Ekoguneko zuzendariak, laburbildu ditu: Gipuzkoan sortzen den konpostaren balioa, erabilpena eta merkaturatzea sustatzea, Ekogunearen BPS-ren baratze ekologikoetan konposta ongarri gisa erabiltzea eta lurzoruaren emankortasunaren esparruan jardunbide iraunkorragoak sustatzea, herritarrek produktuaren balio eta kalitatearen inguruan  kontzientzia hartzeko.

2014ko hitzarmenaren sinaduraren ondorioz lortutako emaitzak oso positiboak izan dira. Baratzakideen konpost eskaerak hasierako espektatiba guztiak gainditu zituen. Eta aurten hitzarmen berriak berritasunak ditu, egituratzailearen hornikuntza gehitzen duelako, ezinbesteko osagaia bere baratzeko hondarrekin erabiltzaileek konposta lantzeko. Gainera, aurten GHK-k eta Kutxa Ekoguneak doako erakusketa bultzatuko dute Baratze Eskolan. Han hondakin organikoak modu jasangarrian lantzeko erak, modeloak, materialak eta teknikak azalduko dituzte. Erakusketa honekin lotuta lantegiak, ikastaroak eta eskola-bisitak antolatuko dira.

Hitzarmenak ere jasotzen du GHK-k finantzatuko dituela Ekoguneak antolatu dituen ikastaroak, konpostak nekazaritza ekologikoan ongarri gisa duen potentziala azaltzeko helburu dutenak. Ikastaro hauek 2015ko maiatza-abendua epean egingo dira eta baratzeetako erabiltzaileek ez ezik, gaiarekin interesa duen orok eman dezake izena.

BPS-an Gipuzkoako 10 udalerrik hartzen du parte (Hernani, Alegia, Lezo, Errenteria, Usurbil, Tolosa, Zegama, Azpeitia, Anoeta eta Elgetako udalak) eta laster Azkoitia eta Zumaia gehituko dira, estatu mailako baratze sare handiena osatuz, 842 erabiltzaile eta kontsumo propiorako diren lur-sail ekologikoen 44.000 m2 –ko hedadura dauka.

Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ren lehendakariak, bere aldetik, aipatu du hondakin organikoarekin konposta egitea, birziklatzearen eremuan sartzen dela eta gogorarazi du Europako Hondakinen Kudeaketarako Hierarkiaren arabera materia organikoarekin horrela jokatu behar dela. Konposta eginez zabortegietara bidaltzen den hondakin kopurua %40 murriztea lortu dela esan du Ainhoak eta honek birziklatze maila %50era heltzeko aukera eman digu, 2016ean lortu behar den %60ko birziklatze mailatik gertuago jartzen gaituena.

Gure etxeetako sukaldeetan sortzen diren hondakin organikoekin egindako konpostari esker, berriro ere lurrari itzultzen zaio, ongarri natural moduan, lehen lur horrek eman duena.  Horrela osatzen da materia organikoaren zikloa.

Elikagaiak bio-oxidazioaren bitartez deskonposatzeko prozesu naturalaren emaitza da konposta. %100 organikoa den baliabide aberats honek hainbat erabilpen du lorezaintzan, nekazaritzan eta obra zibilean; eta era askotako onurak, bai ekonomian eta bai ingurumenean.

Gipuzkoa berebiziko ahalegina egiten ari da materia organikoa gainerako hondakin guztietatik bereizita biltzeko; hau da, hondakinen arazoari modu arduratsuan erantzuten ari da. Lehengai hori, inausketako hondakinetatik datorren material egituratzailearekin batera, konpost bihurtzen da Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Lapatxen (Azpeitia) duen plantan, eta laster Epeleko (Bergara) konpostatze planta gehituko zaio. Konpost hori Gipuzkoa Konposta izenarekin merkaturatzen da.

Gipuzkoako Konposta A+ kalitatekoa da, mailarik handiena hain zuzen ere, gure etxeetan oso ondo bereizten ari garen seinale. Kalitate handi honi esker, Gipuzkoako Konposta baratze ekologikoetan ere erabil daiteke, Kutxa Ekogunearekin sinatuko den hitzarmen honek erakusten duen bezala.

Hondakin organikoak konpost bilakatzea naturarekin erlazio berezia eraikitzea da eta jendarte bezala harro sentiarazi behar gaitu. Ildo honetatik, produktua balorean jarri eta bere erabilera sustatzea guztion egitekoa da, onurak gizarte osoarentzat izango baitira.