Albisteak

2015 Urria 19

Intsektuen hotelez bete zitzaigun Kutxa Ekogunea igandean

Intsektuen hotelez bete zitzaigun Kutxa Ekogunea pasadan igande goizean. Zalantzaz beteta zetorren eguraldiak Intsektuen Hotelak egiteko tailerrean bete-betean lagundu zigun, giro ederra nagusitu baitzen goiz guztian zehar.

25 haur eta helduek, elkarlanean, kolorez betetako intsektuen etxe politak egin zituzten ordu beteko tailerrean. Etxean eta gure inguruan erraz lor daitezkeen material berrerabilgarriekin osatu zituzten hotelak, plastikozko botilekin edo lurretik jasotako zuhaitz adarrekin. Etxeko txikienek gogoz eta pozik egin zituzten etxetxoak, segituan konturatu baitziren gure inguruko intsektu askok bizirauteko laguntza behar dutela. Gainera, eurek erabaki zuten zein intsektuentzat egin nahi zuten babesgunea, tailerrean aukeran zeuden material bakoitzak intsektu ezberdinak erakartzen dituztelako.