Albisteak

2017 Abuztua 03

Karabelekoren ur arazketarako sistema berritzailea Kutxa Fundazioaren babesarekin

Iker Goikoetxea, Karabelekoren koordinatzailea, eta Mikel Insausti, Kutxa Ekogunearen arduraduna, hezegunea ezarriko den eremuan.

Ahalik eta hondakin gutxien sortzea eta naturarekin harreman orekatuan egotea dute helburu Karabelekon eta horregatik ur arazketarako hezegune artifizial baten behin-behineko sistema eraikitzen ari dira, Kutxa Fundazioaren babesarekin. Modu honetara, orain arte fosa septikoan amaitzen zuten komuneko eta sukaldeko urak garbitu eta berrerabiliko dituzte.

Kimu Batek garatutako sistema hau abian da, jada, paisajismo-enpresa honek dituen instalazioetan, baita Azpeitiko aterpetxe txiki batean ere. Karabelekon ezarriko duten hirugarren prototipoarekin hezegune artifizialen teknologian oinarritutako azken produktua landu ahal izango du Kimu Batek. Horretarako, irailetik aurrera martxan egongo den instalazioaren eta lortutako uren kalitatearen jarraipena eta azterketa egingo du. Hartara, sistema berria etxebizitza eta enpresa eremuetara hedatu ahal izateko aukerak aztertu ahal izango dira. 

Kutxa Ekoguneako zuzendari eta Kutxa Fundazioko Jasangarritasun arloko arduradun Mikel Insaustik azaldu duenez, proiektu hau babesteko apustua egin dute "Ekogunearen filosofiarekin bat datorrelako". Izan ere, Kutxa Ekogunea parkean ere ezarri genuen araztegi bat duela 8 urte, funtzionamendu desberdinarekin. Insaustiren esanetan, sistema berriak frogatzea interesgarria da, "aukera desberdinak alderatzeko, egoera ezberdinei erantzuna emateko soluzio egokituak aztertzeko, eta hoberen funtzionatzen duten sistemak hedatzeko".