Albisteak

2016 Apirila 21

Kontsumo arduratsua sustatzeko Eathink2015 proiektuaren erakusketa ikusgai Ekogunean

Aste honetatik aurrera abian da “BERTOKOA JAN, MUNDUA BURUAN” lelopean antolatutako EAThink2015 proiektuaren erakusketa Kutxa Ekogunean. Modu interaktiboan egituratu den erakusketa honek gazteen artean elikadurari loturiko kontsumo arduratsua sustatzea du helburu, horretarako gure elikadura ereduari loturiko hainbat kontzeptu landuz.

Izan ere, erakusketa soil bat baino, jolas kolaboratibo bat dela esan daiteke. Bertan, gazteak taldeka jarrita pista ezberdinak jasoko dituzte: batzuk irakurtzekoak, besteak ukitzekoak, usaintzekoak, ikustekoak… eta haiek erabiliz hainbat kontzeptu landu eta asmatu beharko dituzte. Dena den, sari nagusia lortzeko talde guztien lana beharrezkoa izango da, kontzeptu guztiak batzen dituen “hitz gakoa” azaleratzeko.   

Ekimen hau Kutxa Ekoguneak ikastetxe zein talde antolatuei eskaintzen dizkien tailerren baitara gehitu da. Bisitatu ahal izateko, erreserbak@ekogunea.eus helbidera emaila bidali daiteke.

Eathink proiektuari buruzko informazio gehiago eathink2015.org webgunean duzue.