Albisteak

2015 Urria 29

Kutxa Ekogunea eta SOS Arrazakeria lankidetzan Urretxindorra Mentoretza egitasmoan

"Urretxindorra: baztertzeko arriskuan dauden jatorri migratzaileko nerabe aurrekoentzako mentoretza" proiektuaren lankidetza hitzarmena sinatu dugu

"Urretxindorra/Ruiseñor" baztertzeko arriskuan dauden jatorri migratzaileko nerabe aurrekoentzako mentoretza programa da. Gipuzkoako SOS Arrazakeriak bultzatuta, unibertsitateko ikasleen eta eskola umeen arteko topaketa sustatzen du. Kutxa Ekogunea eta SOS Arrazakeriaren lankidetza hitzarmenaren helburua proiektuaren hartzaileek bi erakundeen jarduerak eta ekitaldiak doan eskuratu ahal izatea da, eta bi erakundeen artean ekintza hezitzaileak adostea.

Talde bisita gidatu bat antolatuko da, mentoreek eta nerabeek Kutxa Ekogunea ezagutu dezaten eta informazioa jaso ondoren, doainik zein ikastaro eta tailerretan parte hartuko duten erabakitzeko. Ekogunea parkean bertan ere lursail bat utziko zaie baratze txiki bat martxa jarri dezaten, ekoizpen ekologikoko eta autokontsumorako baratza.

Proiektu honetan, mentore bakoitzak (unibertsitateko ikaslea), baztertzeko arriskuan dagoen haur bati laguntzen dio astean behin, bere borondatez; haurra batez ere immigrantea izango da, eskolatua, eta 10-14 urte bitartekoa, eta helburua da inguruneko espazioak ezagutzea, aisialdikoak, dibertitzekoak, kultura sortzekoak edo kirola egitekoak, eta elkarrekin hainbat jarduera egitea.

Hori guztia haurren garapen pertsonal eta sozialaren prozesuan parte hartzeko asmoarekin egiten da, haurrek hainbat arazo dituztelako harrerako gizartera egokitzeko.

Proiektu honi eusten dion mentoretzaren kontzeptuaren atzean dagoen ideia da, harreman pertsonalaren bitartez, konfiantzaz eta lotura sortuz, mentorea (unibertsitateko ikaslea) haurrarentzat eredu positibo eta erreferentzia bihurtzea. Horrenbestez, haurrak bere konfiantza pertsonala, autoestimua eta konpetentzia pertsonalak garatzen eta indartzen ditu, eta horrek eragin positiboa du bere bizitza pribatuan zein sozialean.

Gaztetxoen familientzat baliabide bat da, egiten duten ahaleginean laguntzen diena, seme-alabei ingurune jakin batean mugitzeko tresnak emateko, zeinean autonomia eta erantzukizuna zalantza ezinezko balioa den.

Horrez gain, mentore rolean inplikatzen diren unibertsitateko ikasle boluntario guztiek ere balio handiko esperientzia bizitzen dute, beraiek bizi izan dutena baino errealitate desberdin eta askoz zailago bat ezagutzeko aukera ematen dielako eta, gainera, boluntariotza sozialaren munduan sartzeko.

"Urretxindorra" proiektuaren ezaugarrien artean, alde batetik, uztartu egiten dira baztertzeko arriskuan dauden gazteak gizarteratzeko lana eta gazte unibertsitarioen erantzukizun soziala, eta, bestetik, Kutxa Ekoguneak ere bertan parte hartzen du, bere helburuekin bat egiten duelako, horien artean egonik gazteen artean balioak lantzea eta gizarteratzea bultzatzea, hainbat hezkuntza tresnaren bitartez, adibidez, ekologiaren kultura zabaltzen eta kontzientziaziotik ekintzara igarotzeko bidea gazte hauei errazten. Horretarako Ekogunea parkean aldaketarako hezi, ereduak sortu eta prozesuak bultzatzen ditugu. Denon lanari esker, bizimodu ekologikoagoa eta arduratsuagoa izatea da motibatzen gaituena.