Albisteak

2015 Martxoa 23

Kutxa Ekogunea Fundazioak Oriamendiko 57.767 metro karratu eman dizkio Donostiako Udalari landa-parke bat sortzeko

Kutxa Ekogunea Fundazioa Oriamendi mendiaren jabea da, eta Donostiako Udalari 57.767 metro karratu eman dizkio, hitzarmen baten bidez, haren erabilera publikoa egin dezan. Oriamendi Zabalegi, Lore Toki eta Chillida Leku finkek osatutako ingurunearen eta Miramonen artean kokatuta dago. Lursail horretan, XIX. mendeko gotorleku Karlista dago. Lur-eremua Donostiako landa-ingurunean txertatuta dago, eta bertan, herritarren zerbitzura jarriko den landa-parke eta jolas-eremu bat gaitzea planteatzen da helburu nagusi gisa.

Lagapen horrez gain, Kutxa Ekoguneak, Europan aitzindaria den Jasangarritasun Parkea, 200.000 euro inbertituko ditu hurrengo urteetan, eremuan hainbat esku-hartze gauzatzeko. Orain arte, Kutxa Ekoguneak 4.000 zuhaixka eta 200 zuhaitz landatu ditu ingurunea egokitzeko, eta gainera, hainbat bide ireki ditu. Bisita gidatuak antolatzen ditu, eta hala egiten jarraituko du, bisitariek Oriamendiko ingurunea eta haren historia ezagutu dezaten, eta zerbitzu hori ikastetxeei xedaturiko eskaintzan txertatu du.

Kutxa Ekogunearen Plan Berezian, zubi baten bidez Oriamendiko lursailak Zabalegi eta Bentatxikiko lursailekin elkartzea aurreikusten da, eta Miramon Errekalderekin batuko duen bidegorri berria Lore Tokira eta Chillida Lekura iritsiko da. Plan horrek Plan Nagusian aurreikusitako irizpideak garatzen ditu. Bentaundi Baserria Hitzarmenetik kanpo geratu da, baina Kutxa Ekoguneak enklabe historiko hori birgaituko du. Horrez gain, 100 ibilgailurentzako lekua izango duen parking bat eraikiko du Oriamendirako pentsatu den etorkizunerako eskaintza osatzeko.

Aranzadi Elkartearekin batera, Kutxa Ekogunea Fundazioak Oriamendi berritzeko proiektua egin du. Haren barnean, hura garatuko den ingurunearekin bat etorriko den jarduketa bat planteatu da, aldi berean, multzo osoaren pixkanakako narriadura geldituz, eta ingurunearen berreskurapena eta sozializazioa sustatuz.

Hitzarmenaren bitartez, lur urbanizaezin gisa sailkatutako lur-azalera zabal bat berreskuratuko litzateke hirian. Plan Orokorrak aire zabalean egoteko lekuak eta jolasera xedaturiko beste gune batzuk egokitzea aurreikusten du, baita natura-, paisaia-, historia- edo kultura-interes handiko elementuetan zehar oinezkoentzako ibilbideak antolatzea ere, azken horiek funtsezkoak izango baitira eremuaren jolas-erabilera horretarako.

Oriamendiko Gotorlekua

Oriamendiko Gotorlekua XIX. mendearen bigarren erdiko berezko eraikuntza militarraren adibide bikaina da. Bakarra ez izan arren, Lurraldeko adibide interesgarrienetako bat da, ondarearen, naturaren eta kulturaren ikuspegitik, nahiz ingurunearen sozializazio-ikuspegitik. Haren eraikuntza-arrastoak nahiko kontserbazio-egoera onean daude, eta gabeziak egon arren, haren harresiei esker ezin hobeto uler ditzakegu mota horretako eraikuntzen ezaugarriak. Balio hori are gehiago nabarmenduko da Kutxa Ekoguneak Aranzadi Zientzia Elkarteari agindutako oinarrizko proiektuak proposatzen duen kontsolidazio eta interpretaziorako esku-hartzearekin.

Berezko ondare-balio horrez gain, ingurunearen aberastasun naturala gailendu behar da, haren berezitasunak eta nortasunak biodibertsitate aberatseko ingurunea bihurtzen baitute. Oriamendiko baso mistoan 200 urte baino gehiago dituzten haritzak eta “arraro” gisa katalogatutako bi iratze-espezie ditugu. Azterketa ornitologikoen arabera, urtean zehar 50 hegazti egoten dira bertan, eta gainera, azkonarrak, azeriak eta katajinetak daude, beste ugaztun interesgarri batzuen artean.

Faktore horiei multzoaren balio soziala gehitu beharko litzaieke.  Erraz iristen den ingurune batean kokatuta dago, leku estrategiko batean, eta bertatik eskualdearen zati handi bat ikus daiteke. Gune horretatik inguruko paisaiaren interpretazio erraza eta erosoa egin daiteke, eta beraz, Donostialdeako eskualdearen talaia paregabea bihur daiteke.

Kutxa Ekogunearen proposamenak kultura- eta ingurumen-ondarearen garapenarekin lotutako ikuspegi integrala du, lurraldean kultura ekologikoa hedatzeko xedearekin bat etorriz, betiere pertsonek ingurumenarekiko kontzientziaziotik ekintzara aurrerapausoa eman dezaten. Batetik, baso mistoa kontserbatu eta hura korridoreen bitartez hedatu nahi da, hiriaren hegoaldeko zerrenda oihantsua indartu ahal izateko; gainera, lurraldea zaintzeko plan bat garatu nahi da, Miramon Parke Teknologikoko langileekin eta ikasleekin eta bizilagunekin batera. Eta bestetik, belardia kontserbatzea eta hezegune bat sortzea aurreikusten da.