Erabiltzen ez diren jostailuak trukatzeko gune hau urtarrilaren 8ra arte egongo da
Donostia, 2018ko urtarrilaren 3a. Abenduaren 16an hasi zen Kutxa Ekogunearen Jostailu Trukegunea eta dagoeneko iazko emaitzak hirukoiztea lortu du. Urtarrilaren 8ra arte egongo da martxan gune hau eta emaitzak oraindik gehiago handitzea espero da.
Asko izan dira jasotako jostailuak. Besteak beste, liburuak, musika instrumentuak, puzzleak, panpinak, mozorroak, peluxeak e.a.
Egitasmo honen helburua haurrei trukean oinarritutako esperientzia zoragarri bat eskaintzea da, eman eta jasotzea biak gozagarri direla sentiaraziz eta gauzen “berri” izate horri garrantzia kenduz. Eta bide batez, gabonetan opari moduan jasotzen dituzten jolasak berrerabiliak izateko aukera erraztea da. Era horretan, objektuei bizi berri bat ematen zaie, izan ere, jostailuek familia bati asko eman ondoren beste haur batzuei oraindik ere beste horrenbeste eskaini dezaketen altxor txikiak izan daitezke.
Ebaluaketa egiten ari garen honetan erabailtzaileen jarreran gauzak doan jasotzeko ohitura falta somatzen ari gara. Aurrez zerbait ekarri gabe jostailu bat hartzen duen haurrari mugak jarri ohi zaizkio, askotan beraiek hurrengoan zerbait ekarriko dutela azpimarratuz. Pozten gara norberarena elkarbanatzearen mezuarekin bat egiteaz baina Kutxa Ekogunetik azpimarratu nahi dugu balio berdina duela hartzeak eta emateak. Jaso eta jostailuez gozatuko duten haurrik gabe ez da truketa ixten, eta oraindik asko dira norbait bila etortzeko zain dauden jostailu, panpin, instrumentu etab. Hortaz, lotsarik gabe jostailuak jasotzera etortzera animatzen zaituztegu.
Ekogunean bigarren urtez antolatzen den ekimena da. Lehengo urtean 100 truke esperientzia izan zirela kalkulatzen da gutxi gora behera. Gabonak ondoren trukatu ez diren jostailuak Gipuzkoa Solidarioak bideratzen dituelarik.
Trukegune honetan, jostailuak era librean utzi eta jaso daitezke, tarteko ordainketarik gabe. Utzi edo/eta hartu. Betiere uzten dena hura erabiltzeko egoera onean dagoela ziurtatuz. Jasotakoa, utzitako gure seme alaben jostailuak erabiltzen genituen bezala tratatzeko konpromisoz. Egoera onean, baina erabiltzen ez diren jostailuak, musika tresnak, liburuak, irristailuak... ekarri daitezke eta besteengatik trukatu.
Utzi: Utzi erabiltzen ez duzuna, beste batek berrerabiltzeko moduan dagoela ziurtatuz.
Jaso: Gustatzen zaizun hori eta gozatu. Ez da beharrezkoa truke guenera zerbait ekartzea bertatik zerbait eramateko. Hartu interesatzen zaizun bezain beste, kontuan izanik dagoen materiala guztiontzat dela.
Edozein ordutan edonorentzat zabalik.
Etorkizun ekologiko eta parekide baten alde!
Prentsa oharra (03/01/2018)