Albisteak

2017 Azaroa 03

Kutxak gizarte- eta kultura-proiektuak laguntzeko deialdia ireki du

Kutxak atzo aurkeztu zuen laguntzak eskatzeko hirugarren deialdi irekia, Gipuzkoako elkarte eta erakundeek 2018an egin nahi dituzten gizarte- eta kultura-proiektuetarako. Lehenengo deialdian, 2016an gauzatzen ari direnentzat egindakoan, laguntzak eskatu zituzten 302 elkartek aurkezturiko proiektuetatik 147 aukeratu ziren eta iaz aurkeztutako 246 proiektutatik 161 aukeratu ziren.

Atzo, azaroaren 2an, ireki zen eskabideak aurkezteko epea. Dokumentazioa elektronikoki bidaliko da Kutxa Fundazioaren webgunean (www.kutxa.eus) horretarako dagoen formulario baten bidez; epea 2017ko abenduaren 15ean bukatuko da, 15:00etan. Jasotzen diren proiektuak ebaluatu ondoren, eta horretarako positiboki balioetsiko ditu Fundazioaren Plan Estrategikoa inspiratzen duten printzipioekin bat datozenak, emango dituen laguntzei buruz otsailaren 15a baino lehen erabakia hartzera konprometitzen da Kutxa.

Lehenengo edizioan izan zen bezala, deialdi honen helburua da proiektuak eremu hauetan garatzen eta bultzatzen dituzten erakundeei laguntzea: gizarte-laguntza eta gizarteratzea, osasuna, dibertsitate funtzional eta ezgaitasunaren arreta, hezkuntza eta prestakuntza, euskararen eta hizkuntza-bizikidetzaren garapena, kultura, kirola eta bere balioak sustatzea, lankidetza, genero-berdintasuna eta kultura edo gizarte arteko bizikidetza bultzatzea, zientzia-ikerketa, berrikuntza eta teknologia-garapena, ingurumena eta iraunkortasuna, gazteei eta gizartetik kanpo geratzeko arriskuan daudenei lan-munduan sartzen laguntzea, etab.