Albisteak

2015 Urtarrila 22

Martxan da Euskararen Ginkanaren laugarren edizioa!

IKTen eta ekologiaren ingurukoak izango dira aurten gainditu beharreko probak, beti ere euskara ardatz gisa hartuta. 

Euskaraz eta euskararekin dibertitzeko antolatzen dugun lehiaketa da Euskararen Ginkana, eta laugarren edizio honetan Azkue Fundazioarekin elkarlanean burutuko dugu. Bi erakundeok euskara sustatzeko dugun konpromisoan bat egin, eta bion lan eremuak diren IKTak eta ekologia elkartu ditugu proiektu bakarrean. Edizio honetan ere, Euskaltzaleen Topagunea izango da lehiaketaren koordinatzailea.

IKTak eta Ekologia izango da aurtengo gai nagusia eta beraz, gainditu beharreko probak eta galderak mundu digitalean euskarak eta ekologiak duten presentziari lotuak izango dira. Euskarak, hizkuntza gutxiagotua izanik ere, sarean duen presentzia ez da makala: nabigazio hizkuntzen artean, euskarak 44. lekua dauka mundu mailan eta wikipedian artikulu gehien duten hizkuntzen zerrendan 34. tokian dago kokatua gaur egun. 

Denbora gutxian, gure bizitzako egunerokoan eta eremu ia guztietan barneratu ditugu sare sozialak eta internet, hasi etxetik eta kalera, baita lanean, hezkuntzan eta aisialdian ere. 

Baina euskara ekosistema digitalean, osasuntsu bizi ahal izateko, baliabideak ezagutu, erabili, elikatu eta sortu behar ditugu guztion parte hartzearekin, bakoitzari dagokion mailan.

Edizio honetan, IKTak ekologia arlora ekarriko ditugu, gizaki bizidunek medioarekin duten lotura ezagutzeko sarean dauden baliabideak ezagutuko ditugu eta, bide batez, euskara eta ekosistema birtuala ikuspuntu ekologikotik aztertuko ditugu. 

 

Lehiaketa

Bi fasetan gauzatuko da ginkana:

- Lehenengoa, otsailaren 19an hasi eta martxoaren 26an amaituko da. Fase honetan www.euskararenginkana.net webgunean astero argitaratuko diren probak gainditu beharko dituzte taldeek. 

- Bigarren fasea, apirilaren 18ko final handia izango da, Donostiako Ekogunea parkean. Bertan lehen fasean puntu gehien lortu dituzten 4 talde parte-hartzaileak lehiatuko dira. 

 

Parte-hartzaileak

Parte-hartzea taldekakoa izango da eta euskararen aldeko proiekturen bat gauzatu edo babesten duen talde, elkarte edo eragile bat ordezkatuko beharko dute. 4-6 laguneko taldeak osatu beharko dira parte hartu ahal izateko.  

Edozein talde motak hartu dezake parte lehiaketan: Euskalgintzako elkarteak, Kulturgintzako taldeak (Musika, antzerki, literatura taldeak, bertso eskolak,…), talde ekologistak, guraso elkarteak eta, euskaraz eta euskararekin jolastu nahi duen edozein taldek. 

Izena ematea urtarrilaren 22an hasi eta otsailaren 18an amaituko da. Izen ematea gauzatzeko, www.euskararenginkana.net webguneko formularioa betetzeaz gain, talde bakoitzak bere burua eta babestu nahi duen euskararen aldeko egitasmoa aurkeztu beharko ditu bideo labur batean. 

Aurkezten diren proiektu edo egitasmoak askotarikoak izan daitezke, aurrez martxan daudenak edo aurrerantzean burutu nahi direnak. Guztiak baina, euskararen aldeko ekarpena suposatu beharko dute, arloa edozein izanik ere: hezkuntza, aisialdia, kulturgintza, helduen euskalduntzea, erabilera sustatzeko egitasmoak ...     

www.euskararenginkana.net

 euskararenginkana@ekogunea.eus