Albisteak

2016 Urria 20

Martxan Etxeko Ura kanpaina Eibarren

  • Datozen asteetan Eibarko jatetxe, hotel eta tabernei kanpainan parte hartzeko gonbita egingo zaie beren bezeroek etxetik kanpo iturriko ura edateko aukera izan dezaten, dagoeneko 12 establezimenduk eman dute baiezkoa.
  • ETXEKO URA kanpainak Gipuzkoako jatetxeetan beirazko ur pitxarren erabilera zabaltzea du helburu, plastikozko ur botilek sortzen duten inpaktua gutxituz.

Dagoeneko hainbat lurralde eta hiritan ostalaritzan iturriko ura eskaintzea oso ohitura normalizatua da. Euskal Herrian, berriz, pixkanaka zabaltzen ari da.

Horregatik, Kutxa Ekoguneak eta Eibarko Udalak ETXEKO URA kanpaina abian jarri dute ostalaritzan iturriko uraren erabilera bultzatzeko asmoz. Ekimen honek helburu hirukoitza du: uraren kalitatea bistaratzea, plastikozko botilako ura kontsumitzeak sortzen duen inpaktua gutxitzea eta kontsumitzaileak kontsumo kontziente baterako bidean jarrera aldaketak barneratzea. 

ETXEKO URA ekimenaren asmoa Gipuzkoako iturriko uraren kalitateari balioa ematea  da, eta, horretarako, datozen asteetan beirazko ur pitxar berrerabilgarriak banatuko dira kanpaina honetan parte hartzeko interesa azaldu duten ostalarien artean.

Modu honetan, ostalariek iturriko ura aprobetxatuz kalitate berbera eskainiko dute, baina aztarna ekologikorik gabe. Gainera, bezeroek etxetik kanpo uraren kontsumo ohiturak berritzea lortuko dugu kanpainak irauten duen denbora tartetik harago.

Kutxa Ekoguneak eta Eibarko Udalak eskerrak eman nahi dizkiete kanpainan parte hartzen hasiko diren establezimenduei, eta herritarrak eta bertako familiak animatu nahi dituzte taberna edo jatetxeetan iturriko ura eskatzera, bizitza kalitatean hobetu eta ingurumenaren hobekuntzan aurrera egiteko norbanakoaren konpromisoa ezinbestekoa baita.

ETXEKO URA kanpaina, zenbakitan

ETXEKO URA ekimenaren lehenengo fasea 2013an abian jarri zen, eta, oro har, kanpainak oso harrera ona izan du osatalarien artean. Guztira, 446 jatetxek eta tabernak bat egin dute Etxeko Ura kanpainarekin.

Nahiz eta kanpaina aste honetan martxan jarriko dugun, Eibarren dagoeneko 12 establezimendutan Etxeko Ura eskaintzeko konpromezua hartu dute. Datozen hilabeteetan kanpainan parte hartzeko aukera zabalik mantenduko da. Guztira 200 pitxarratik gora banatuko dira herriko establezimenduetan.

Kanpainaren lehen fase honetan parte hartzeko interesa adierazi duten establezimenduak hurrengoak dira: Eskarne, Orbe, Aguiñaspi, Bar Nuevo, Kontent, Batzokia, Ixua, Portalea, Albert eta Kultu jatetxeak, Azitain errretegia eta  Paulaner Bierhaus jatetxe zerbezeria.

Behin kanpaina abian jarrita, bezeroek jatetxeetako mahai gainean beirazko ur pitxarra topatuko dute, Gipuzkoako uraren kalitatea ona dela gogoraraziz eta iturriko litro bat ur eskatzera animatuz. Ura kontsumitzeko ohitura aldaketa honen ondorioz, bezeroek etxetik kanpo ura kontsumitzeko ohitura jasangarriagoa barneratuko dute. Etxeko Ura kanpainari esker, plastikozko 62.000 botila aurrezten dira hilean.

Udalak kudeatutako instalazioetan Etxeko Ura kanpainako pitxarren erabilera egingo du, kalitatezko produktua eskainiz baina aztarna jaitsiz.

Kanpainaren difusioa

Azaroan irratian Etxeko Ura kanpainaren berri emango da, eta baita Grifoterapia humore tonuan sortutako herritarrei zuzendutako kanpaina ezagutarazi ere.

ZURE ESTABLEZIMENDUAN ETXEKO URA ESKAINI NAHI DUZU?

Ostalaria bazara eta zure establezimenduak ETXEKO URA ekimenarekin bat egitea nahi baduzu, zure atxikimendua adieraz dezakezu www.ekogunea.eus webgunean edo 943-55 20 20 telefonora deituz.

Zure establezimenduak Etxeko Ura kanpainarekin bat egiten duela adieraziko duten beharrezko eus­karriak eskainiko zaizkizu, eta, modu honetan, ingurumenarekiko ardura azaltzeaz gain, zure eskualdeko uraren kalitateari balioa ematen lagunduko duzu.

Informazio gehiago: www.ekogunea.eus