Albisteak

2021 Iraila 06

Naturan Hezi, orbel garaian

Udazkenean sartzear gauden honetan, gutxi dira orbela osatzen duten zuhaitz galkorren hostoak bereizteko gai direnak. Maialen Lujanbiok esan zuen bezala, “txori guztiak txori, arbola guztiak arbola eta zomorro guztiak zomorro diren garaiotan” bizi gara. 

Pandemiak eraginda eta bestela ere, eskolak naturara zabaltzeak dituen abantailez ohartuta, asko dira Euskal Herriko txoko desberdinetan udazkenari ateak zabaldu dizkioten ikastetxeak baina askotan, natura ezezagunagoa zaigulako, nola jokatu ez dakigulako edo haurrak honelako ingurune batean jolasteak beldurrak eragiten dizkigulako, zalantzak sortzen zaizkigu.

Ikastaro honen helburua, beraz, zalantza horiei erantzutea da. Alde batetik, naturaren ezagutzan sakonduz eta bestetik, naturan garatzen den jolasa ulertuz, horretarako zenbait gako emango ditugularik.

Online ikastaroa izango da hau, natura pantailaren beste aldera eramaten ahaleginduko gara baina gehiago sakontzeko, saio presentzialak ere izango ditugu lehen bi larunbatetan zehar. Saio gehienak, Moodle plataformaren bidez jarraitu ahal izango dira, nork bere erritmora eta zuzeneko online saioak ere izango ditugu Zoom plataformaren bidez.

Helburuak

  • Naturan ikasteko ereduak, egungo pandemia eta klima-larrialdi egorei aurre egiteko tresna bezala ulertzea
  • Irakasleak naturaren ezagutzan eta naturan garatzen den jolasean formatzea.
  • Euskal curriculuma naturalizatzea. Haurrek jolasaren eta naturaren bidez konpetentzia guztiak bereganatzeko eta naturarekin harremana handitzeko aukera ematea.

Informazio osoa HEMEN

UPV/EHU-k antolatutako ikastaroa Uda Ikastaroen esparruan. 
Noiz: 2021eko abenduaren 6tik 2022ko urtarrilaren 16 arte

Kolaboratzailea: Kutxa Ekogunea

Lehertu dadila udazkena!