Albisteak

2014 Iraila 29

Ontziratu zaitez! dendari eta herritarrok tupperak erabiltzearen alde elkarlanean Bergaran

 

Bergarako saltokietan sortzen diren paper eta plastiko hondakinak murriztuko dira Ontziratu Zaitez! kanpainari esker.

 

Datozen egunotan Bergara ontziratuko da Kutxa Ekoguneak bultzatutako

kanpainaren bidez eta Bergarako dendarien eta Udalaren elkarlanari esker. Izan ere, tupper-ak banatuko dira, udalerriko produktu freskoen saltokietan paper eta plastikozko bilgarrien erabilera murriztu asmoz.

Gainera, urriaren 11n EkoBira azoka ibiltariak Bergaran izango da, beste kontsumo era bat posible dela azalduz.

Ontzi berrerabilgarriak, ONTZIRATU ZAITEZ! lelopean

- 3000 tupper banatuko dira, arrandegietan eta harategietan erabiltzeko.
- 17 dendarik parte hartzen dute ekimenean.
- 6 hilabete iraungo duen sustapen fasean zehar, hilero zozketak
antolatuko dituzte dendariek.

Kutxa Ekogunea eta Bergarako Udalak elkarlanean bultzatzen duten Ontziratu zaitez! kanpainak Bergarako etxe guztietara ontzi berrerabilgarriak zabaltzea du helburu.

Produktu freskoak erosten direnean sortzen diren hondakinak murriztea nahi da, Kutxa Ekoguneko Amaia Otazok dioen moduan “Erosketa hauek egiterakoan hondakin kopuru handia sortzen da, produktu hauek paperean biltzeaz gain, plastikozko poltsan baten edo bitan sartzen baitira ondoren eta bizitza oso laburreko materialak dira”.

Ekimen honen helburua hirukoitza da:

- Batetik, erosketak erosoagoak izango dira, erosleek, behin etxera iritsita, ontzia zuzenean hozkailuan sartzeko aukera izango dutelako, modu garbian gainera.

- Bestetik, saltokientzako kostu murrizketa suposatzen du, ez baitute
hainbeste paper eta plastikozko poltsa erabili behar izango.

- Eta azkenik, hondakin gutxiago sortuko denez, ingurumenerako positiboa izateaz gain, ekimen honekin denok ateratzen gara irabazle.

 


Ontziratu zaitez! Bergara dendari eta herritarrok batera lanean

Bergaran Ontziratu Zaitez! kanpainan 3.000 ontzi banatuko dira, eguneroko erosketan erabiltzeko. Kanpaina honetan parte hartuko duten saltokiak honako hauek dira:

Kabutzia, Joxan, Lete, Biak, Lamitxoa eta Itxas eder arrandegiak, Imaz, Joseba, Urcelay, Igarza, Rezola, Antia, Bixain, Leturia eta Mercedes Altube harategiak, Migel Garitano (Aliprox) eta Arantzazu Belategi janari dendak.

20€ko erosketa sariak

Ontzi berrerabilgarria erabiltzen dituzten erosleen artean, 20€ko erosketa sariak banatuko dira hilero, kanpainarekin bat egiten duten saltokietan gastatzeko. Zozketak 6 hilabetean zehar egingo dira herri mailan.

Nola eskuratu ontzi berrerabilgarria?

Herritar bakoitzak etxean izan ditzakeen ontziak erabiltzeko deialdia egiten bada ere, etxebizitza bakoitzeko ontzi berrerabilgarri bat eskuratzeko aukera izango dute herritarrek.

Ontzi hauek urriak 11n ospatuko den EkoBira azokan prestatuko den postu batean banatuko dira. Azoka hau San Martin plazan izango da, honako ordutegian: 10:30-14.30 / 16:30-19:30.

Gainera, EkoBira azokan tuperra jasotzeko aukerarik izan ez dutenek, bigarren aukera bat izango dute, urriaren 15ean, Udaletxeko arkupetan, 17:00-20:00 ordutegian.