Albisteak

2020 Iraila 07

Ordiziako Baratze Parkea handitu da

Ordiziar guztientzako berdegune irekia handitu da eta lursaila eskuratu duten baratzekideek, elikadura eta aisialdi osasuntsurako aukera izango dute.

Kutxa Ekoguneak 2013. urtean jarri zuen abian Baratza Parke Sarea autokontsumorako baratzegintza ekologikoa eta elikadura-ohitura osasungarriak bultzatzeko asmoz Gipuzkoako zenbait udalerritan. Gaur, 21 parkek osatzen dute Gipuzkoako Baratze Parke Sarea (BPS Sarea): Alegia, Anoeta, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Elgeta, Errenteria, Hernani, Ikaztegieta, Irun, Donostiako Kutxa Ekogunea, Legorreta, Lezo, Ordizia, Tolosa, Urnieta, Usurbil, Villabona, Zegama, Zumaia eta Zumarraga. Guztira, 1.309 lursail daude herritarren eta elkarteen eskura, eta 5,8 hektareako azalera, baratzegintza ekologikora bideratua.

Ordiziako Baratze Parkeak 2018ko ekainean ireki zituen ateak 35 lursailekin eta berriki parkea handitu eta beste 24 lursail berri inauguratu dira. Covid-19 egoerara egokitutako ekitaldi xumea izan da larunbatekoa eta erabiltzaile gutxi batzuekin batera, Udaletik Maitane Alvarez alkateordea eta Rosa Aurkia udal teknikaria izan dira eta Kutxa Ekogunea eta Baratze Parke Sarearen ordezkari gisa Itsaso Olaizola teknikaria izan dira. 

Ordezkari bakoitzak proiektuaren ezaugarri eta helburu nagusiak nabarmendu ditu. Maitane Alvarez-ek Baratze Parkea handitzearen eta lursail gehiago abian jartzearen garrantzia azpimarratu du eta esleipen prozesuan 40 eskaera baino gehiago jaso dutela adierazi du, eskertuz herritarrek baratzeen aldeko apustua egitea. Horrez gain, “Ordiziar guztientzako berdegune irekia” dela gogorarazi du: “ingurumenarekiko sentsibilizazioa lantzeaz gain, elikadura osasuntsurako aukerak areagotuko dira eta elkarbizitza eta elkarlanerako aukera paregabea izango da Ordiziako baratze parkea” adierazi du.

Kutxa Ekogunearen ordezkariak, Itsaso Olaizolak adierazi duenez, Covid-19 egoera honetan, naturarekin eta lurrarekin harremana izatearen garrantziaz gero eta kontzientzia handiagoa somatzen dutela eta munduan zein gurean hiri eta herri baratzeen mugimendua indartzen ari dela nabarmendu du eta adierazi duenez, “BPS Sareko diren  Baratze Parkeetan erabiltzaile bakoitzak lursaila autokontsumorako eta era ekologikoan lantzeko aukera izateaz gain, parkea erabiltzaileen artean modu komunitarioan eta auzolanean kudeatzen da”

Ordiziako Baratze Parkea San Juan auzoan dago kokatuta. Bertara oinez iritsi daiteke modu errazean, baita bizikletaz ere, herrira doan bidegorria baliaturik. Parkearen handitze honekin  59 lursail  izango ditu guztira. Handitze prozesu honetan egin diren azken 24 lursailen esleipena oraingoan ere helburu soziala lehenetsiz burutu da eta  honela banatu dira lursailak eta erabiltzaileek hiru urtera arte luzatu  ahal izango dute baratzeen lagapena:

  • 3 baratza: Gizarte-egoera ahulagoa duten pertsonentzat eta interes bereziko kolektiboentzat  (langabetuak, AES hartzaileak eta ezgaituak, irabazi asmorik gabeko elkarteak, eskolak, fundazioak, etab).
  • 21 baratza: Gainerako herritarrentzat.

Baratze Parkea ondo ekipatuta dago. Parkearen sarreran dago kokatua etxola, erabiltzaileek aldagela eta erremintentzako biltegi gisa erabiliko dutena. Aterpe ederra du etxolak, eta albo batean, barazkiak garbitzeko arraska ere badu. Gainera, lursaila erabiltzeko eskubidea izateaz gain baratze-kideek eskura dituzte baita baratzean erabiltzeko erremintak, uraska eta konpost-gunea.

Ordiziako Baratze Parkeko kideentzat zerbitzu eta onurak

Baratze-kide berriek jada estreinatu dute parkea eta Baratze Parke Sareak eskainitako “Baratzezaintza ekologikoaren oinarriak” ikastaroa jasoko dute guztiek irailaren 5 eta 12an. Ikastaroaz gain, Baratze Parke Sareko Furgobaratzaren bisita ireki eta doakoez gozatzeko aukera ere izango da Ordiziako Baratze Parkean eta Sareko teknikarien eskutik, aurrez-aurre zalantzak argitu, gomendioak jaso eta garaian garaiko landare eta hazi ekologikoa eskuratzeko aukera emango du.

Baratze Parke Sareak eskaintzen dituen bestelako onurak ere eskura dituzte jada Ordiziako Baratze Parkean, besteak beste: baratzeen lurren kalitatearen analisiak, baratzeen eta lursailen egoeraren jarraipen txostenak, konposta eta egituratzailea eskuratzeko aukerak, tailer praktikoak eta dinamizazio ekintzak. Orain abian den Baratze Parke Sareko “udako Baratze Ederrenak” lehiaketan ere parte hartzeko aukera izango dute baratzekideek.

Ordiziako Baratze Parkeari buruzko informazioa eskuragarri dago Baratze Parke Sarea webgunean: baratzeparkea.ekogunea.eus


Aurkezpenaren bideoa ikusi hemen

Ezkerretik eskuinera: Rosa Aurkia, Maitane Alvarez, Itsaso Olaizola