Albisteak

2022 Apirila 07

Polboron eta Truita katuak familia bila

Abeletxekoan bizi izan dira orain arte Polboron eta Truita katuak eta orain beraientzako etxe bila gabiltza, maitasun asko emango dien familiak.

Polboron

Polboron du izena katu honek, baina izan zezakeen Mazapán, Pastela edo Lasaitasuna adierazten duen beste izen bat ere. Halaxekoa baita.

Bera bezalako pertsona lasai eta gozo batek adoptatuko balu Polboron, ziur gaude bien bizitza hobetuko litzatekela, maitasunez beteta baitago katu hau.

Harrigarria bada ere, enpatia ikaragarria erakutsi du beti gaixotasunen bat duten animaliekin, miazkatu eta zaindu egiten baititu. (entzun istorio hau Euskadi Irratiko Faktoria saioan: 2.25.49tik aurrera: https://eitb.eus/N_bWO3jb/) 

Truita

Hasieratik oso katu maitekorra izan da pertsonekin, heldu eta haurrekin. Izan ere, Kutxa Ekoguneko Abeletxetik ehundaka haur pasa dira eta beraien laztanak, eta laztanak ez direnak, jaso ditu, inolako arazorik sortu gabe. Hori bai! Haurrez aspertzen zenean, alde egin eta izkutatzen ere oso mari-maistra izan da.

Argazkian ikusten den moduan, Abeletxean bizitu diren beste animaliak ere etxekoak bezala hartu ditu beti.

Izaeraz, nahiz eta goxoa izaten badakien, izaera potentea du gure Truitak. Beste katuen gainetik nagusitzen da eta baztertu ditzake katu ahulenak ere.

Etxe batean egotea eskertuko luke, azken negua ez da erraza izan berarentzat eta batez ere, pertsona finko baten babesa sentitzea, baina kanpoan ibiltzea behar duen katua ere bada.

Horrexegatik, adoptatzeko orduan, oso kontutan eduki beharko litzateke etxe berriak kanpora ateratzeko aukera eman beharko liokela.