Albisteak

2020 Azaroa 25

Puianako ekobaratzeetako partzelak eskatzeko epea ireki da

Astearte honetan, Garapen Jasangarriko ordezkari Borja Olazabal Puianako ekobaratzeen parkean izan da, balantzea egiteko eta eskaerak aurkezteko prozesuaren berri emateko, zeina aste honetan hasiko den. Izan ere, aurreikuspenei jarraikiz, parkea martxan jarri eta lehenengo esleipendunek baratzeen ardura hartu eta lau urtera, 70 lursailak herritarren esku jarriko dira berriro ere.

Ordezkariak jakinarazi duenez, Udalak Kutxa Ekogunearekiko lankidetza hitzarmena berritu du, Puianako parkeak Baratze Parkeen Sarean segitzeko eta, horrela, proiektua garatzeko. Sareko gainerako kideek bezala, horri esker, Puinako ekobaratzeen parkeko erabiltzaileek beren ekobaratzeei ahalik eta etekin handiena ateratzeko doako hainbat baliabide izango dituzte eskura.

Nola eman izena

Deialdi berriari buruzko dokumentuak, zeina udal webgunean eskuratu daitekeen, interesdunek bete beharreko eskakizunak (Irunen erroldatuta egotea, 18 urte baino gehiago izatea, etab.) aipatzen ditu, baita eskabideak aurkezteko epe muga (abenduaren 13a) eta eskabideak aurkezteko modua (www.irun.org udal webgunea). Guztira, 70 lursail jarriko dira herritarren esku, honela banatuta:

  • A taldea (desgaitasunen bat edo mugikortasun urria duten pertsonak):
         
    30 m2-ko hiru baratze desgaitasunen bat duten pertsonentzat
          6 m2-ko bi baratze maila gurpil aulkian dabiltzanentzat
     
  • B taldea (herritarrak, oro har):
       
     30 m2-ko 26 baratze 65 urtetik gorako pertsonentzat
         30 m2-ko 23 baratze 36-65 urteko pertsonentzat
         30 m2-ko 16 baratze 18-35 urteko pertsonentzat

Baratzeak zozketa publiko bidez esleituko dira, zozketan parte hartzeko behin betiko onartuak diren pertsonen artean. COVID-19ak eragindako osasun egoera dela-eta, ordea, streaming bidez egingo da zozketa, udal webgunean eta Irungo Udalak YouTuben duen kanalean.

Baimenak urtebeterako emango dira, baina iraunaldi hori beste hiru urte luzatu ahalko da; horrela, guztira, baimenek lau urte iraun ahalko dute gehienez.  Esleipendunek dagokion tasa (32 euro) ordaindu beharko dute, eta 100 euroko fidantza bat jarri, emakidaren epea amaitutakoan itzuli egingo zaiena esleitu zitzaienean zegoen egoera berean itzultzen badute baratzea.