Albisteak

2020 Azaroa 24

Reale Arenatik Gipuzkoako baratzetara

Reale Arenatik Gipuzkoako Baratzetara estadioko pipa azalak bildu eta Gipuzkoako lurrerako ongarri bihurtzeko proiektua da. Pipa azalak konpostatze prozesuan egituratzaile gisa erabili dira, eta konposta Kutxa Ekoguneko baratzetara bota ondoren lehen uzta oparo eta ederra izan da. Orain, pipa azalak Gipuzkoako 6 herritako Baratze Parkeetara iritsiko dira zikloa itxiz.

2019-2020 denboraldian 2 tona pipa azal bildu ziren Reale Arenako harmailetan partiduz partidu, eta ia urtebeteko ontze prozesuaren ondoren kalitatezko konposta bildu eta baratzak ongarritu ditugu. Lehen uzta jaso dugu Kutxa Ekoguneko baratzeetan eta oso emankorra izan da.

Lehen pausoa pipa azalak  konposta lortzeko prozesuan egituratzaile moduan erabiltzean konpostaren eta lurraren ezaugarriak egokiak direla aztertzea izan zen, ez bait zegoen aurretiko esperientziarik. Froga Kutxa Ekoguneko konpost gunean egin zen. Analisiek baieztatu egin zuten pipa azalen erabileraren egokitasuna eta hala proiektua Gipuzkoako Baratze Parke Sarera zabalduko da gaurtik aurrera. 6 izango dira parte hartuko duten Baratzekide elkarteak: Irun, Ordizia, Legorreta, Zumarraga, Zumaia eta Kutxa Ekogunea bera.

Herri bakoitzeko baratzakideei Txurdin-ek harmailetan pipa azalak bildu dituzten zaletuen izenean egin die entrega birtuala. Pipa azalak datozen hilabeteetan baratzekideek euren konpost piletan egituratzaile moduan erabiliko dute eta datorren urtean konpost hori lurrera bota hura aberastuz. Baratze Parke Sareak autokontsumorako ekoizpen ekologikoa bultzatzen dute eta bere ezaugarrietako bat da lehengaien zikloak ixtea eta lurren emankortasuna zaintzea.

Real Sociedad Fundazioak eta Kutxa Ekoguneak azpimarratu nahi dute zaletuen aldetik egindako esfortzua eta hartutako kontzientzia gabe guzti hau ez dela posible. Orain berriz zikloa ixtea Gipuzkoako Baratze Parkeko kideei esker lortuko da; denok parte hartzen dugunean errazagoa da aldaketak lortzea.

Hondakinen Prebentzio Astea ospatzen ari garen honetan, lehengai asko errefusa moduan kudeatu aurretik berriz ere zikloan sar daitezkeela azpimarratu nahi dugu, ekonomia zirkularrean aldarrikatzen den modura natura ahalik eta gutxien ustiatzeko. Pipa azalekin egiten ari garen moduan bide handia dago zein beste material errefusatik erreskatatu eta lehengai moduan aprobetxa ditzakegun aztertzeko.

Ekimen honekin, Errealak bere erantzukizun soziala eta pertsonekiko ardura eta bere ingurukoekiko konpromisoa betetzen ditu. Futbola ingurumenarekiko jarrera iraunkorragoak bultzatzeko eta areagotze bide  onena izan daiteke.

Era berean, Kutxa Ekoguneak etorkizun jasangarriago bat lortzeko gizartea kontzientziaziotik ekintzara igarotzeko bidea errazten du.

Reale Arenatik Gipuzkoako Baratzetara ekimena Real Sociedad Fundazioak eta Kutxa Ekoguneak gauzatzen dute, Ekotrade enpresaren patrozinioarekin. Espacios Intermedios diseinu agentziaren ideiatik garatua.

Reale Arenatik Gipuzkoako Baratzetara ekimenari buruzko informazio gehiago