Albisteak

2014 Urria 24

Urretxu ere ontziratu da

 

Urretxuko saltokietan sortzen diren paper eta plastiko hondakinak murriztuko ditu Ontziratu Zaitez! kanpainari esker.

Datozen egunotan Urretxu ontziratuko da Kutxa Ekoguneak bultzatutako kanpainaren bidez eta Sasieta mankomunitatearen eta Udaletxeko elkarlanari esker. Izan ere, udalerriko produktu freskoen saltokietan tupper berdea erabiltzen hasiko dira paper eta plastikozko bilgarriak ekiditeko asmoz.

Ontzi berrerabilgarriak, ONTZIRATU ZAITEZ! lelopean
Ontziratu zaitez kanpainarekin produktu freskoak erosten direnean sortzen diren hondakinak murrizten lagundu nahi da. “Erosketa hauek egiterakoan hondakin kopuru handia sortzen da, produktu hauek paperean biltzeaz gain, plastikozko poltsa baten edo bitan sartzen baitira ondoren eta bizitza oso laburreko materialak dira”, azaldu du Amaia Otazok, Kutxa Ekoguneko kontsumo jasangarri sailetik.

Ekimen honekin hiru lorpen egiten direla ziurtatzen dute Sasietak, Kutxa Ekoguneak eta Udalak: batetik, erosketak egitea “erosoagoa” izango da. “Behin etxera heltzerakoan, ontzia zuzenean hozkailuan sartzeko aukera izango dute herritarrek; modu garbi batean gainera”.

Bestetik, saltokientzako kostua murriztu egiten da. Izan ere, ez dute hainbeste paper eta plastikozko poltsa erabili behar izango.  “Eta azkenik, lehengai gutxiago gastatuko denez, ingurumenarentzat, eta beraz guztiontzat, positiboa da”, gaineratu da.

“Zaborrak gutxitzeko helburuarekin bat egiten du Ontziratu Zaitez! kanpainak. Gainera, ekimen honen bitartez eskolako umeek iazko agenda 21eko foroan eskatutakoari erantzun ahal izango diogu” adierazi du Unai Badiolak, Urretxuko hirigintza eta ingurumeneko zinegotziak.

Izan ere, Gainzuri, Iparragirre, La Salle eta Urretxu – Zumarragako ikasleek ‘Hondakinak eta biodibertsitatea’ gaia landu zuten iazko ikasturtean, Eskolako Agenda 21aren barnean. Bertan hartutako konpromiso bat ahalik eta zabor gutxien sortzea izan zen eta honen harira, ontzi berrerabilgarrien eskaera egin diote Urretxuko Udalari.

30€ko erosketa sariak
Ontzi berrerabilgarria erabiltzen dituzten erosleen artean, 30€ko erosketa sari bat banatuko da hilero denda parte hartzaile bakoitzean, guztira 6 sari hilabetean, saltokietan gastatzeko. Zozketak 6 hilabetean zehar egingo dira herri mailan.

Nola eskuratu ontzi berrerabilgarria?
Urriaren 27ko astean zehar Urretxuko herritarrek kanpainaren informazioa eta bale bat jasoko dute etxean, saltokietan ontzi berrerabilgarria jasotzeko 0,50€ ren truke.

Ontziak azaroearen 1etik aurrera eskuratu ahal izango dira honako saltoki kolaboratzaileetan:

HARATEGIAK
 
•    Josetxo Insausti
•    Javier Ugarte
•    Eli
•    Eroski

ARRANDEGIAK

  • Izarra
  • Calvo
  • Eroski