Duela urte bete ireki zen Kutxa Ekoguneko Haur Parkea, haurrak material naturalekin jolastu eta ikasteko pedagogo talde batek sortutako espazioa eta kalitatezko aisia helmuga duena. Abenduak 19an ireki eta gaur, urte bete juxtu betetzen denean, 35.000 pertsonatik gora izan dira Haur Parkean eta Ekoguneak eskaintzen dituen zerbitzu guztietan 62.000 inguru.
Kutxa Ekoguneko Haur Parkea 0-11 urte bitarteko haur eta hauen familientzako aisia espazioa da. Pedagogia berdeko irizpideetan oinarritua dago (Montessori, Freire), naturarekin interakzioa bilatzen duen espazioa da, eta horregatik egiturek gure paisaia irudikatzen dute. Jostailuak material naturalez eginda daude eta espazioa garbia da, toxikorik gabea. Helburu ludikoarekin batera mezu ekologikoa zabaltzen da eta jolas librea nahiz sinbolikoa eta autonomoa, sustatzen da.
Gidatutako tailerrak ere eskaintzen dira eta urtebetetzeak eta bestelako festak antolatzeko aukera ere badago. Eta Haur Parkean jolas aretoaz gain, produktu eta jostailu jasangarriak topatuko dituzuen denda bat, eta familiak ederki egoteko kafetegi bat terraza estaliarekin.
Zerbitzu guzti hauetaz gozatzera urte beten 35.031 bisitari hurbildu dira. Horietatik 14.287 haurrak izan dira eta 20.744 heldu. Tailerretan 870 haurrek hartu dute parte eta urtebetetze festatan 1.332. Datu hauez gain, udarako ludoteka eta Udalekutan 458 haurrek hartu zuten parte.
Haur Parkearen bisitarien jatorria aztertuz, Donostiatik %44 hurbiltzen da eta Hernanitik %10-a. Tolosa (%5), Errenteria eta Zarautz (%4) edota Altza, Andoain eta Lasarte dira hurrengo herriak. Bisitari gehienak gipuzkoarrak dira, baina hauen atzetik, nafar eta bizkaitarren bisitak dituzte. Estatuari dagokionez, bisitariak Batzelona eta Errioxakoak izan dira batez ere. Atzerriari dagokionean, nahiz eta aleman eta britainiarrak hurbildu, frantsesak izan dira Haur Parkea gehien bisitatu dutenak, batez ere Iparraldekoak.
Kutxa Ekogunea parkean aldiz bisitak 61.935 izan dira. Haur Parkeko datuei Baratza Parkeko erabiltzaileen bisitak (15.000), bisita gidatu eta ikastaroak (1.000), Hezkuntza eskaintzan izan ditugun ikasle eta irakasleen bisitak (6.904) eta maiatzean antolatutako Udaberri Festako bisitak (4.000) gehitzen zaizkie.
Ekintza bereziak Gabonetan
Negulekutan 4-12 urteko haurrek naturaz gozatu eta ikasi ahal izango dute. Ekoguneko bazter sekretuak ezagutuko dituzte: baratzeko lurretan eskuak sartuta, ibaian arrantzan, basoko zuhaitzetan ezkutaketetan jolastuz, gure oiloei jaten emanez … jolas libre zein gidatuaren bitartez, kanpoan nahiz Haur Parkean! Abenduaren 26tik 30era eta urtarrilak 2tik 5era izango dira, goizeko 8:30etatik 13:30etara, astelehenetik ostiralera. Taldea lortuz gero, Victoria Eugeniatik lineako busean hezitzaile batekin igotzeko aukera eskainiko da.
Jostailu truke gunea: Etxean dagoeneko erabiltzen ez diren jostailu horiek oso opari ederra izan daitezke erabiltzeko adinean dagoen beste haur batentzat. Ez da karitatea, objektuei bizi berri bat emateko aukera baizik, gure familiari asko eman ondoren beste haur batzuei oraindik ere beste horrenbeste eskaini dezaketen altxor txikiak. Jostailuak era librean utzi eta jaso daitezke, inongon tarteko ordainketarik gabe. Utzi edo/eta hartu. Betiere uzten dugun ura erabiltzeko egoera onean dagoela eta jasotzen duguna guk utzitako gure seme alaben jostailuak tratatzea gustatuko litzaigukeen bezala erabiltzearen konpromisoz. Abenduaren 21tik urtarrilaren 5era, 10.30etatik 19.00etara izango da ekintza hau.
Argi festa ere ospatuko dute Ekogunean, artea egingo dute natura jantziz. Abenduaren 21etik urtarrilaren 8ra argiak arratsalde-gauez piztuko dituzte.
Eta Gabonetako ikuskizunak ere eskainiko dituzte. Abenduak 28an “Animaliak neguan zer?” ipuin antzeztua, eta abenduak 29an “Txipli Txapla Pun: Gaztaina erre artean” tailerra, non gaztain erreak egiten ikasi, dastatu eta gaztainekin artelanak egingo dituzte, Gabonetako opari bikainak! Halaber, urtarrilak 3an “Neguko triki kantu jira” ospatuko dute, trikitilari bikoteak lagunduta, negu eta gabon kantak kantatuz elkarrekin. Kantuan aritzeaz gain, erritmoa landu eta instrumentu desberdinak jotzeko aukera izango dute haurrek.
Aforoa kontuan izanik, aldez aurretik Haur Parkeko sarrera erreserbatzeko, tailer eta ikuskizunen informazioa eskuratzeko edota urtebetetze festak erreserbatzeko: www.erreserbak.ekogunea.eus