Kutxa Ekoguneak elikadura eta ohitura osasuntsuak sustatzearen aldeko apustua egiten du eta horretarako Baratze Parkea Sarea martxan jarri zuen Gipuzkoako hainbat herritan. Orain Villabona ekimenera batu da gaur Baratze Parkea inauguratuz.
Baratze Parkea Sareko aurkezpen saioan Maite Izagirre, Villabonako alkatea, eta Mikel Insausti Kutxa Ekoguneako zuzendaria izan dira. Bertan azaldu dutenez, Baratze Parkeak norberaren barazkiak era ekologikoan egiteko aukera eskainiko du. Aisialdi aktiborako topagunea izango da, giza talde ezberdinen arteko elkarbizitza eta harremana bultzatuko duen gune berdea. Bertan belaunaldi ezberdinen arteko trukea emateko aukera izango da, txiki zein helduen artean, naturarekiko errespetua sustatuz. Baratze Parkeko lursailen emaitzak auto-hornikuntzarako erabiliko dira: lurraren fruituak, baratzen laborantzak emanak, norberaren kontsumorako izango dira, inolako etekin ekonomikorik jasotzeko aukerarik izan gabe.
2012an proiektua hasi zenetik, 15 Baratze Parke ditugu Sarean, Ekogunea, Lezo, Errenteria, Hernani, Usurbil, Tolosa, Azpeitia, Alegia, Zegama, Anoeta, Elgeta, Azkoitia, Urnieta, Irun eta Villabona. Eta sarea zabaltzen doa, Ikaztegieta inauguratuko baita datozen egunetan eta Beasaingo Baratze Parkea udazkenean martxan egotea ere espero dugu. Guztira, 1.115 partzela daude herritarren eskura, 51.125 m2 azalerako lurra suposatzen dutelarik.
Baratze eremua udalerriaren ekialdean dago kokatuta, N-I errepidearen alboko urki-landaketaren atzealdean, Amasarako bide ondoan. Parkea mendebaldera ematen duen aldapa suabe batean kokatzen da, jatorriz belardia izandako terrenotan. Denetara 36 lursail daude, 40 m2-koak.
Gainera, erabiltzaileek erremintentzako biltegi eta aldagela gisa erabil dezaketen etxola dute bertan, uraskak eta auzokonposta egiteko guneak ere. Lursailak urtebeteko aldirako eman dira, baina epea lau arte luzatu daiteke.
Pasaden otsailean hasi ziren erabiltzaileek partzeletan lanean, baratzezaintza ekologikoa oinarri hartuz, eta Baratze Parke Sareak eskaintzen dien zerbitzu eta aholkuen laguntzarekin.
Gipuzkoako baratzeak martxan jarri ahala, Baratze Parkea Sarea gauzatzen eta sendotzeko doa, Udalei nola baratzekideei zerbitzu ezberdinak eskura jarriz, besteak beste: baratzezaintzaren oinarriak ikasteko ikastaroa (Villabonako adjudikatzaileek martxo bukaera eta apirila hasieran egin zuten), baratzeen egoeraren jarraipenak, tailer praktikoak, ekitaldiak, baratzetarako material desberdinak (konposta eta egituratzailea GHKri esker, erremintak Bellota-ri esker...). Pasaden 2015ean martxan jarri zenetik, baratzekideen preziatuenetako zerbitzua furgobaratza da. Hilero Baratze Parketara hurbiltzen da Sareko teknikaria, baratzezaleei laguntza eskainiz: baratzean sortzen zaizkien zalantzak eta arazoei erantzuten du, konponbideak eta gomendio praktikoak zuzenean eskaintzen dizkie.