Haur eta gazteek eskolan eta handik kanpo euskaraz bizitzeko aukera eta erabakia har dezaten lagungarriak diren praktika linguistikoak landu dituzte Itsaso Olaizolak (Kutxa Ekogunea) eta Ainhoa Lasak (Emun aholkularitza) “Hizkuntza-praktika ekologikoak haurren hezkuntzan” ikastaroan, UEUn, Baionan, 2017ko uztailaren 4an eta 5ean.
Norentzat?
- Tailerra euskaraz eman duten arren, euskaldunentzat eta erdaldunentzat pentsatuta dago.
- Gurasoentzako eta guraso-elkarteetarako, eskoletako eta eskolaz kanpoko hezitzaileentzako, haur eta gazteekin lan egiten duten aisialdi- eta kirol-elkarteetarako, eta, oro har, haurrei eta gazteei hizkuntza aktibistak izaten lagundu ahal dion edonorentzako.
Gaur egun gazte asko eskolan euskalduntzen dira baina hori ez da nahikoa izaten euskaldun oso bilakatzeko, batez ere etxean eta eremu hurbilean euskaraz bizi ez badira. Horren aurrean, gurasoek eta irakasleek zeresan handia izan dezakete haur eta gazte horiek euskaraz bizitzeko erabakia har dezaten.
Edukia
- Haurren hizkuntzen jabekuntza prozesuetan eta sozializazioan helduon interbentzio moduez jardun dute tailer honetan, gure hezkuntza komunitateko kide garenok, elkarrekin, modu ekosistemikoan egin dezakegunaz.
- Haurraren ingurune linguistikoaren azterketa egin, adin tarte bakoitzaren ezaugarriak ezagutu eta haurraren momentuko beharrak aintzat hartu dira. Eta hizkuntza praktika ekologikoak identifikatzeko, gutako bakoitzaren motibazio eta portaerak aztertu dira.
- Hizkuntza kontzientzia areagotzeko, haur eta gazteei eragiten dieten hizkuntza eskubideen urraketei buruz hitz egiteko tartea ere izan dute eta horretarako bideo hau erabili dute.
BIDEOA: Haur eta gazteen hizkuntza eskubideen urraketak - Euskaraz
BIDEOA: Haur eta gazteen hizkuntza eskubideen urraketak - Euskaraz azpitituluekin (ES-FR)