Zer da Baratze Parke Sarea?

2013an Baratze Parke Sarea martxan jarri genuenetik, dagoeneko Gipuzkoako 20tik gora herrietako Baratze Parkeek osatzen dute autokontsumorako eta ekologikoki kudeatutako Baratze Parke Sarea.

Kutxa Ekogunearen eta Sareko kide diren Udalen arteko lankidetzaren baitan, Baratze Parke Sarea (BPS sarea) osatzen duten Baratze Parkeek baliabide eta zerbitzu desberdinak jasotzen dituzte eta Baratze Parke hauek guztiek elkarlan eta harreman sare indartsua osatzen dute.

Baratze Parke Sareko kide izateak zilegitasuna eta kalitate berme bat eskaintzen du. Batetik, Baratze Parkeak baldintza eta irizpide ekologikoak jarraitzen dituenaren adierazgarria da eta bestetik, Baratze Parkearen bizitasunerako eta kudeaketa egokirako baliabide eta zerbitzuak jasoko dituela bermatzen du.

Kutxa Ekoguneak lehen fasean, Baratze Parkeen diseinu eta exekuzioa irizpideak zehazten ditu eta behin Baratze Parkea martxan denean, tokian tokiko beharretara egokitutako dinamizazio zerbitzu desberdinak eskaintzen ditu Sareko kide diren Baratze Parkeetan: lurren egokitasuna bermatzeko analisia, ongarritze eta kudeaketa aholkuak; lursailen ikuskaritza txostenak; Sareko udal ordezkariekin Topaketak; Baratze Parkeetako erabiltzaile elkarteekin elkarlan eta auzolan ekimenak; eta baita Baratze Parkeetan zehar lantegiak, aholku teknikoak eta landareri ekologikoa ematen dituen Furgobaratza zerbitzu berezia ere. Informazio gehiago.

Hiri baratzeak, baratze komunitarioak eta Cooperative Gardens gisako mugimenduak hazten doaz mundu mailan. Hiri eta herrietan baratze parkeak abian jartzea estrategikoa da bizitza eredu jasangarri baterako eta gurean ere, gero eta herritar eta Udal gehiago dira mugimendu honen parte izan nahi dutenak.
Gure Baratze Parke Sarearen bidez, Gipuzkoako Udalek aukera dute beraien udalerrietan dauden lur publikoak zein pribatuak Baratze Parke bilakatzeko eta beste Udal Baratze Parkeekin saretzeko.
Baratze Parke Sarearen helburu nagusia barazki ekologikoen auto hornikuntza bultzatzea izan arren, kalabaza baten antzera mamia haragitsua eta haziz betea du. Izan ere, honen atzetik hainbat kontzeptu ezberdin aurki baitaitezke:
  • Ekologikoa eta autokontsumorako den baratzezaintza sustatzea eta hedatzea.

  • Gizatalde ezberdinen arteko elkarbizitza eta auzolana sustatzea.

  • Haur, gazte eta helduek lurrarekin harreman zuzena izatea eta lurrarekiko atxikimendua handitzea.

  • Espazio berdea irekiak zabaltzea eta aisialdi aktibo eta jasangarria bultzatzea.

  • Euskarentzat arnasguneak edo euskaraz eroso aritzeko guneak sortzea eta hizkuntza eta kultura aniztasuna balioan jartzea.

  • Tokiko eta garaiko produktu ekologikoen kontsumoa bultzatzea. Autokontsumorako baratzegintza honen bidez baratzekideak kontsumitzaile kontzienteagoak ere bilakatzen dira eta beraz, tokikoa, garaikoa eta ekologikoa den kontsumoa lehenesten dute.

  • Tokiko eta garaiko produktu ekologikoen kontsumoa bultzatzea. Autokontsumorako baratzegintza honen bidez baratzekideak kontsumitzaile kontzienteagoak ere bilakatzen dira eta beraz, tokikoa, garaikoa eta ekologikoa den kontsumoa lehenesten dute.

  • Kontsumo jasangarria eta hizkuntza-ekologia proiektuak sustatzea.

Kutxa Ekoguneak sustatzen du Baratze Parke Sarea, Sareko kide diren Gipuzkoako Udalekin lankidetzan. Udal batek bere herrian Baratze Parke bat martxan jarri eta Sare honetako kide bilakatu nahi badu Kutxa Ekogunearekin jarri daiteke harremanetan.

Herri bakoitzeko Baratze Parkearen sustatzaileak dagokion Udala eta Kutxa Ekogunea dira eta Baratze Parke Sarea kide diren Baratze Parke guztiek osatzen dute.

Gipuzkoako Udalek beraien udalerrietan Baratze Parke bat abiatu nahi badute, lehen urratsa, lursail publiko zein pribatu posibleak identifikatzea da.

Behin hori eginda, Kutxa Ekogunearekin harremanetan jartzera gonbidatzen ditugu Udalak eta lehen bilera batean Baratze Parke Sarean sartzeko aukera eta prozesua azaltzen diegu. Prozesu honen baitan, Kutxa Ekogunetik lur eremua bertatik bertara bisitatu eta bere egokitasuna aztertzen dugu, BPS Sarean sartzeko baldintzak eta gomendioak zehazten dizkiogu Udalari eta dituen kezka eta zalantzak argitzeko ditugu.

Udalak, Baratze Parke Sarean sartzeko eta kide izateko erabakia hartzen badu, lankidetza markoa hitzartzen dugu elkarrekin. Lehen fase batean, Kutxa Ekogunetik Baratze Parkearen diseinu eta exekuziorako aholku eta laguntza desberdinak bideratzen ditugu. Bigarren fase batean, behin Baratze Parkea martxan dela, Baratze Parkearen erabiltzaileen esleipenerako laguntza eta parkearen kudeaketarako aholkularitza, baliabide eta zerbitzuak eskaitzen ditugu Baratze Parkean.

Gurekin hitzordu bat lotzeko eta informazio gehiago eskuratzeko, jarri harremanetan baratzeparkea@ekogunea.eus helbidean.

Baratze Parkeak herritar guztiei zabaldutako gune berdeak dira. Kutxa Ekoguneak BPS Sarearen helburuak lortzeko irizpideak proposatzen dizkie udalei eta irizpide hauek aintzat hartuta, Udal bakoitzak zehazten ditu bere herriko Baratze Parkean lursailak eskuratzeko esleipenerako baldintzak.

Baratze Parkeen helburuetako bat euskararen erabilera sustatzea da eta beraz esleipen irizpideak zehazterakoan, tokiko errealitate soziolinguistikoa aintzat hartzea proposatzen zaie Udalei. Izan ere, Baratze Parkeak euskararen erabilerarako gune erosoak badira, euskararen erabileran eragin positiboa izateko aukera handitzen da.

Gainera, baratzekideen artean hizkuntza eta kultura aniztasuna egon dadin, giza talde desberdinei dago irekita Baratze Parke Sarea. Ongi etorriak dira gazte zein helduak; familiak, lagun talde edota erakunde zein elkarteak; bertakoak zein kanpotik etorritakoak; behar bereziak dituztenak, langabetuek, langileak edota baita jubilatuak ere.

Kutxa Ekoguneak zehazten ditu BPS Sareko Baratze Parkeen diseinurako irizpide orokorrak. Hala, Baratze Parke guztiak ezberdinak diren arren, zenbait ezaugarri errepikatzen dira guztietan:

  • Lursailen hedadura: 30 eta 60 m2-en arteko azalera dute familia eta partikularrentzako lursailek. Elkarte eta erakundeentzako lursail batzuk ere izaten dira, gehienak 90 m2-koak. Honez gain, irisgarritasuna bermatzeko egokitutako baratze batzuk eta bankalak ere izaten dira.

  • Lursail mugatuak: baratza eremu bakoitzak bere mugak ongi definituak ditu, dagokion zenbakiarekin.

  • BPS Panela: Baratze Parke bakoitzaren sarreran, Baratze Parke Sareko Panela kokatzen da. Panel honetan, dagokion Baratze Parkearen planoa eta ezaugarriak jasotzen dira eta baita Sareko irizpideak ere.

  • Instalakuntzak: Baratze Parkeetan instalakuntza sinple batzuk izaten dira. Guztietan daude etxola (erreminta biltegi eta aldagelekin), konpostaguneak eta uraskak. Gutxieneko instalakuntza hauez gain, baratze parke batzuetan, bankalak, solastokiak, bizikleta parkinak edota txakurrentzako babes-guneak ere izaten dira. Instalazio hauek sinpleak izatea eta, bioeraikuntzako irizpideak aintzat hartzea lehenesten da.

  • Kudeaketa eredua: Baratze Parkeetako erabiltzaileen artean kudeaketa komunitarioa sustatzen da eta beraz, Parkearen diseinuan instalakuntzak erabilera eta kudeaketa komunitarioa izateko diseinatuak dira eta baratzezain guztiek erabiltzen eta zaintzen dituzte.

  • Parkeak dira, bai itxuran, baita erabileran ere: Baratze Parke bakoitza, lursail desberdinek osatzen duten arren, parke bakar baten itxura du, lursailen arteko muga edo itxitura fisikorik gabekoa. Aldi berean, gune berde irekiak ere badira Baratze Parkeak eta bertako baratzekideentzako izatez gain, bertaratzen diren gainerako herritar hororentzat ere irekiak dira.

  • Aniztasuna dago Sareko Baratze Parkeen artean eta bilakaeran. Herri batzuetako Baratze Parkeak beste parke handiago batzuen barruan kokatzen dira. Beste Baratze Parke batzuk lur degradatuak eta erabilera gabekoak errekuperatuaz sortu dira eta beste batzuetan, jada baratzerako erabiltzen ziren lurrak modu ekologikoan eta irekian kudeatzera pasatu dira Sarean sartuta. Kutxa Ekoguneak Udalak proposatzen dion lursailaren azterketa bat egiten du daukan potentziala aztertzeko.

  • Kutxa Ekogunearen eta Sareko kide diren Udalen arteko lankidetza: Kutxa Ekoguneak Baratze Parke bat abiatu eta Sareko kide izan nahi duten Udalekin lankidetza hitzarmenak sinatzen ditu. Lankidetza marko honen baitan, BPS Sareko kide izango diren Baratze Parkeak diseinatu, exekutatu eta dinamizatzen dira.

    Baratze Parkeetan sortzen diren beharrak kontutan hartuaz, urtetik urtera baliabide eta zerbitzu sorta egokituak eskaintzen ditu Sareak. Hauen artean: Baratze Parkeen ikuskaritza txostenak, lurren emankortasuna mantentzeko zerbitzu eta produktuak, Furgobaratza, baratzarekin lotura duten tailer eta ikastaro praktikoak, aholkularitza tekniko zuzena, lurren prestaketarako zerbitzu gehigarriak, BPS Sareko Topaketak, baratzezaintzari buruzko informazio eguneratua, e.a. Informazio gehiago.

  • Baratzekideen Elkarteak: Baratze Parke bakoitzeko erabiltzaileek modu komunitarioan funtzionatzen dute eta Elkarte gisa egituratuta daude. Elkarteak, batetik, Baratze Parke bakoitzean dituzten beharrak eta betebeharrak autogestionatzen ditu eta bestetik, Sareko beste eragile ezberdinekin hartu emanak ere bideratzen ditu, hala nola, Udala, Sareko beste Baratze Parkeak, Kutxa Ekogunea, e.a.

  • Araudia: Baratze Parke bakoitza bere Udalerriak onartutako araudipean dago. Bertan baratzetako erabiltzaileen eskubide eta bete beharrak zehazten dira. Araudi hauen oinarrian, Baratze Parke Sarerako ezarri diren baldintzak eta irizpideak daude, hala nola, autokontsumoa eta baratzegintza ekologikoa.

  • Baratzekideen diru kuota: Baratze Parke bakoitzeko erabiltzaileak bere Udalerriak zehaztutako diru-kuota bat ordaindu behar izaten du, dagokion lursailaren erabileraren truke.

BPS proiektuak publikazio asko ditu Gipuzkoako tokiko prentsan. Ikusi hemen.