Ikastetxe batek HH zein LHko ikasleekin baso-eskola eredua martxan jartzeko nahia adierazten digunean, ibilbide bat proposatu ohi diogu, honako zerbitzu hauekin:
Aurkezpenak
Eskolako klaustroan zein gurasoei, baso-eskola zer den, zein onura dituen eta zein ibilbide proposatzen dugun azaltzen dugu ordubeteko iraupena izan ohi duten aurkezpen hauetan. Kutxa Ekoguneko Baso-eskola eredua ezagutu nahi baduzu eta honen aurkezpena jaso, helbide honen bidez harremanetan jar zaitezke: ekogunea@ekogunea.eus eta hitzordua antolatuko dugu.
Formazioa
Baso-eskola eredua martxan jarri aurretik, irakasleek naturaren ezagutzaren, baso-eskolako gidalerroen, naturan jolastearen eta segurtasun irizpideen inguruko formazioa jasotzea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu. Oinarrizko formazioa presentziala izan ohi da, 15 ordukoa eta parte hartuko duten irakasle guztiei egitea eskatzen zaie. Horrez gain, behar eta interesen arabera hainbat ikastaro ezberdin eskaintzen ditugu: presentzialak, online eta mixtoak izan ahal dira; eta iraupenari dagokionez ere anitzak dira. Beraz, baso-eskola proiektua lantzeko tresnak behar eta nahi badituzu helbide honen bidez harremanetan jar zaitezke: ekogunea@ekogunea.eus.
Basoaren egoeraren azterketa
Zerbitzu honen bidez, jolasteko aberatsak diren eremuak bilatzen, aholkularitza pedagogikoa eskaintzen dugu. Eta hau guztia, osotasunean lantzeko erakunde ezberdinekin elkarlanean aritzen gara, eskola eta udaletxea, besteak beste.
Jantziak eta materialak
Baso-eskolan parte hartzean arropa, kontuan izan behar den gaia da; Norvegiako esaera zahar batek dioenez “Ez dago eguraldi txarrik, arropa desegokia baizik”. Horregatik, Baso-eskolan erabiltzen diren jantzi berezien erosketan laguntzeko aukera eskaintzen dugu; eta honekin batera, baliagarriak izan ahal diren materialen kudeaketan.
Irteera lagunduak basora
Ikasleekin basora lehen irteerak egitean, irakasleei aholkularitza eta babesa emateko gure teknikari batek laguntza eskainiko luke. Lehen irteera hauetan zein formazio saioetan ikasitakoa praktikara eramaten lagunduko du: nola prestatu taldea atera aurretik, zer egin basora iristean, zein arau jarri, zein limite, nola egituratu eguna… Irteera hauen kostua, 25€/ordukoa izaten da baso-eskola sarean interesa duten Gipuzkoako ikastetxeentzako.
Bestelako zerbitzuak
Bisita gidatuak: Baso-eskola eredu ezberdinak ezagutu nahi badituzu helbide honen bidez harremanetan jar zaitezke: ekogunea@ekogunea.eus. Idatzi helbide horretara eta hitzordua antolatuko dugu. Gainera, Kutxa Ekoguneko Baso-eskolan parte hartu duten eskolekin kontaktuan jarri eta bisita diseinatuko genuke.
Tarifak (2021-2022):
- Aurkezpenak: Gipuzkoako eskolentzat doan.
- Formazioa: 15 €/irakasleko.
- Basoaren egoeraren azterketa: doan.
- Irteera lagunduak: 25 €/irteera sarekideak egingo diren eskolentzako.
Albiste boletina
Harpidetu eta izan gure ekimenen berri
