Baso-eskola topagunea

Euskal ikasleak ikasturte osoan zehar naturan murgildu eta jolasaren eta bizipenen bidez naturarekin harreman jarraia izatea dugu helburu. Helburu hau lortzeko ezinbestekoa izango dugu familien eta udalen inplikazioa ere. Hezkuntza eredu hau ez dadin ikastetxeetara soilik mugatu erlazionatutako ikerketa, esperimentazioa, gurasoei zuzendutako ekintzak eta proposamenak prestatu, pilotatu eta inplementatu egiten ditugu; eskoletatik kanpo sor daitezkeen ekimenen traktorea izan nahi dugulako. Berrikuntzako laborategian sortuko diren proiektuak, partekatzeko eta zabaltzeko gunea da baso-eskola topagunea.

Naturan Hezi Eskola

Kutxa Fundazioak Uda Ikastaroarekin elkarlanean, Naturan Hezi Eskola sortu du, naturan murgildu den hezkuntza-komunitatearen formazio eta topagune bihurtzeko helburu duena. Asmo bikoitz honi erantzuteko, Naturan Hezi Eskolaren baitan, urtero eskaintza anitza izango da, oraingoz: Naturan Hezi online ikastaroa eskainiko da batetik eta Naturan Hezi Topaketak, bestetik.

Naturan Hezi, ikastaroa

EHUko Uda Ikastaroen bidez lantzen dugun 45 orduko online ikastaroa da hau, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko “Ikasteko Ikasten” programak homologatuta dagoena. Ikastaro honek, naturaren ezagutzan sakontzen du, naturan garatzen den jolasa ulertuz; horretarako zenbait gako eman ditugu. Hala, hausnarketa-gune bat sortu nahi izan da, naturan hezteak eta hazteak sor ditzakeen erronken inguruan gako batzuk eskaintzeko, besteak beste, naturarekin kontaktuaren garrantzia eta onurak haurtzaroan, biodibertsitatea eta ingurumen ezagutza, natura-ingurunearen kontserbazioa, jolasa naturan eta ikasteko metodologia aktiboak, errespetuzko komunikazioa, naturan hezteko gidalerroak, segurtasun irizpideak eta curriculumaren garapena naturan.

Naturan Hezi topaketak

Baina formazioa eskaintzeaz aparte, Naturan Hezi Eskolak eremu berdeetan hezten duen hezkuntza-komunitatearen topagune ere bihurtu nahi du, eta horretarako, urtero Naturan Hezi Topaketek, gai baten inguruan sakontzeko hizlari adituak ekartzeaz aparte, esperientziak partekatzeko, eta irakasleen artean elkarlana eta sinergiak sortzeko helburu dute. Lehen edizio honetan, naturan hezteak, ikastetxean dakarren eraldaketa pedagogikoa izan da gai nagusia. Izan ere, naturan hezten duten ikastetxeetan, eraldaketa handia ematen da eta eskolako proiektuetan, curriculumean zein hezkuntza-komunitate osoan du eragina honek.

Naturan Hezi Eskolaren helburua, beraz, eskolak naturara zabaltzeko grina piztea da, egun bizi ditugun egoerei aurre egiteko irtenbide gisa. Eskola-sistemako eragileengan jasangarritasunarekiko konpromezua indartu nahi dugu eta horretarako, irakasleak naturan hezteko prestatu nahi ditugu eta naturara murgildu diren irakasleen artean komunitatea sortu.