Berriak

2022 Martxoa 14

26 gazte Ekoliderrek Gipuzkoa jasangarriagoa lortzeko 8 proiektu sortu dituzte

Pasa den larunbatean, martxoaren 12an, Gazte Ekoliderrak programako kideek EKIN fasean sortutako proiektuak aurkeztu dituzte lehen aldiz.

Jasangarritasunarekin lotutako ideiak ekintzetara pasatzeko helburuarekin, Kutxa Kultur Plazako eszenatokira igo ziren, azken hilabetean zehar sortutako eta landutako proiektu horiek hirugarrenen aurrean aurkezteko eta defendatzeko prest. Saioa Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak eta Kakun Orbegozok, Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendariaren izenean, ireki dute.

Jose Ignacio Asensiok adierazi du trantsizio ekologikoaren oinarrian lankidetza dagoela eta eragile ezberdinekin batera lan egitea, “benetako gizarte justuago, inklusiboago, berdinago eta jasangarriago bat eraikitzeko, oraingo eta ondorengo belaunaldien bizi kalitatea bermatzeko,  eta horretarako hau bezelako topaketak sustatu behar dira gazteekin batera lan egiteko…” eta Kakun Orbegozon Ander Aizpuruaren izenean azpimarratu du berrikuntza soziala “pertsona ugarik ustekabeko topaketak eta ideiak partekatzen, nahasten eta eraikitzen dituztenean gertatzen dela eta Ekoliderretan ideiak partekatzeko aukera horiek sustatu nahi izan dituztela bidelagun onez inguratuta”.

Gazte Ekoliderrak 2022

Otsailean hasi ziren proiektu hauek eratzen, U-aren TeoriaDiamante bikoitza eta Desing thinking baliabide bezala erabiliz. Baliabide hauek Impact HUBeko Joxean Hernandez eta Verena Hammes-en laguntzaz landu dituzte eta ondoren hainbat adituen aholkularitza jaso dute: Kutxa Kultur Enea, Kutxa Ekogunea, Raúl Oliván eta Sinnple.

Proiektuak ikuspegi ezberdinetatik aztertzeko luxuzko balorazio mahai kideak izan ziren bertan: Iñaki Puga Gipuzkoako Foru Aldundiko zerbitzuburuak, jasangarritasunaren inguruko koherentziari erreparatu zion, Maria Rubio Kutxa Fundazioko proiektuen eta gizarte-berrikuntzaren arduradunak eta Iraitz Solabarrieta lehen zikloko Ekoliderra eta egun Mondragon Unibertsitateko talentuaren kudeaketa estrategikoko masterreko lehen zikloko koordinatzaileak esku hartzeen sendotasuna eta Rita Aldabaldetreku lidergo-edukietako gidariak aurkezpena eta lidergo gaitasunei.

Saio publikora irekia izan zen. Hala bai presentzialki eta online bidez saioa jarraitzen ari ziren pertsonek ekarpenak egin zituzten proiektuen inguruan, hauek aberasteko helburu. Proiektu hauek dira aurtengo ekoliderrek eskaini dutena guztiontzako etorkizun jasangarriago bat edukitzea posible dela erakutsiz.

Proiektuak

Fashionscore: arropa eta moda produktuek, euren bizi ziklo osoan zehar eragiten duten ingurumen inpaktua neurtzeko kodifikazio sinplea(A|B|C|D|E), bizi zikloaren ebaluazioan oinarritua. Sortzailea: Blanca Delgado Azcona.

GazteJASA: Proiektuaren helburua Euskadiko gazteen artean iraunkortasunari buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko gune eta sare bat sortzea da. Era berean, ideien truke horren bidez, parte-hartzaileen grina sustatu nahi da, ekintzara igaro eta egunerokotasun iraunkorrago batera jauzi egiteko baliabideak emanez. Sortzaileak: Aintzane Plaza, Eider Mendiluze, Jon Cereceda, Lucia Rua, Maddalen Alkorta, Naiara Nájera eta Maitane Múller.

Jaten ematetik, elikatzera: Ekosistema batean, elikadura burujabetza sustatu eta lantzeko modelo baten inplementazioa da proiektuaren helburu nagusia. Modelo honek, herritarrak, ekoizleak eta udalak/administrazioa oinarri izanik, elikadura osasuna dela aldarrikatuko du. Horretarako, modelo hau martxan jartzeko fase eta dinamika ezberdinak biltzen ditu prozesu partehartzaile baten bidez. Sortzaileak: Axel Garcia, Mikel Yoldi, Ane Abasolo, Iker Epelde, Amaia Oiarbi, Mikel Muñoz, Ane Loidi eta Leire Olano.

Pirilingua: Pirinioetako hizkuntza gutxituetako (euskara, aragoiera, okzitaniera eta katalana) hiztun gazteen sare eraldatzailea, mendikatea ikuspegi ekologiko eta linguistiko-kultural batetik zeharkatzen duena, ondare bikoitz hori babesteko aldaketaren eragile bihur daitezen. Sortzailea: Izaro Arruti.

Klik! Proiektua: gazteentzako dibulgazio zientifikoko aplikazioa da. Zientzia arloko hainbat gai aztertzen dira: (CO2ko isurak, energia eta adimen artifiziala) eta oso erabilgarria diren tresnak jakinarazten dira. Sortzailea Esmeralda Arribas.

Naturtxoko: naturako aisialdi talde bat osatzeko proiektua da, non hilabetean asteburu batez elkartuko garen gazte talde finko batekin eta naturan murgilketa eginen dugun, honetan biziz eta heziz, lantaldean eta errespetua oinarri edukirik. Sortzaileak:  Uxue Encinas, Olaia Garcia, Maialen Azpillaga, Amaia Reta.

Salbamentu manta: Gaur egun materialei ematen zaien erabileraren inguruko kontzientziarako interbentzio artistikoa. Sortzailea: Miriam Loidi.

Ek Shaat: Jantzigintzarako ekoiztutako lehengaien trazabilitatea bermatzeko datu eta IOT bidezko sistema. Sortzailea: Leticia Sanchez.
 

Saioa berriz ikusi