2022. urteko azken asteak eta 2023ak eman dizkigun lehenak abenturaz abentura igaro dituzte Bihotz Berdeen bi belaunaldiek. “Sortzen” eta “Hazten” taldekoek zeregin eta zeresan dezente izan dute asteburu hauetan guztietan zehar.
SORTZEN belaunaldiko lagunek abentura eder batekin eman zioten amaiera urteari, Artikutzan bi eguneko egonaldia izan baitzuten. Bertan, Kiribiloreko adituekin batera, biziraupen eta orientaziorako teknika eta estrategiak ikasi eta praktikan jarri zituzten. Lehen eguna Artikutzako Parke Naturaletik ibilbide eder bat ematen hasi zuten, udazkenak utzitako orbel eta paisaietan barrena. Aterpetxera iritsi, honakoa antolatu (logelak, janaria…) eta etxetik ekarritako afariaz gozatu zuten denek batera. Lo hartzeko ordua iritsi bitartean pelikula bat ikusten eman zioten egunari amaiera, modu lasai eta goxo batean. Hurrengo egunean, biziraupenean funtsezko diren hainbat motatako korapiloak egiten ikasi eta, taldeka, larrialdi baten aurrean, basoan gaua pasa ahal izateko baliagarria izan zitekeen aterpe bat sortu zuten. Bazkalostean, sua egiten ikasteko oinarrizko tekniketan trebatu ziren egunari amaiera emateko.


Artikutzatik hilabetera izan zuten berriro ere elkar ikusteko aukera, eta urtarrilean, Irunen kokatua dagoen Gordailura gerturatu zen taldea, Gipuzkoako Ondare Bildumen zentrora, alegia. Etnografoen azalean jarri eta garai bateko tresna ezberdinak behatzeko aukera izan zuten, aurrean zituzten tresnen erabilera posiblea ondorioztatu eta horiei loturiko istorio ezberdinak sortuz goizean zehar.


HAZTEN belaunaldiak ere ezagutza berri ugari barneratzeko parada izan du ezbairik gabe. Naturan ikusten den oro marrazki batera pasa ahal izateko teknikak ezagutu zituzten Norarteko lagunekin batera Tabakaleran, Ilustrazio Zientifikoa zertan datzan ezagutuz. Ilustrazio zientifikoaren bitartez, zientziaren edozein alor azaldu daiteke eta, kasu honetan, aukeratutako gaia intsektu polinizatzaileena izan zen. Animalia talde hau gainbeheran dagoen animalia taldea dela ezin dugu ahaztu, planeta eta izakiaren ongizaterako guztiz beharrezkoa suertatzen delarik. Ekintza honetan, ilustrazioaren bitartez, talde honi buruz gehiago jakitea eta bere garrantzia zabaltzea izan zen helburua.
Hurrengo irteerarako, gutxitan egin ohi dugun ariketa egin zuten, begiak lurrera zuzentzea egokitu baitzitzaien Bihotz Berdeei, Neikerreko adituekin batera. Lurzoru osasuntsuetatik elikagaiak, ura nahiz mineralak lortu eta azken hauek mota guztietako ekosistemen oinarri direla ahaztu ohi dugu maiz. Irteera honetan, lurzoruaren azterketa oso bat egiten ikasi zuten, bertako makro ornogabeak edota ezaugarri fisikoa eta kimikoak aztertuz besteak beste.


Epe honetan, hazten belaunaldiko gazteek, hirugarren irteera bat egiteko aukera ere izan zuten gainera. Begiak lurretik askorik altxatu beharrik gabe, oinatz eta arrastoen bila murgildu ziren Pagoetako Parke Naturalean barrena, Fauneandoko adituekin batera. Oinatz eta arrastoak topatzeko oinarrizko aspektuak ikasi ondoren, arrasto – lanetan aritzeko ibilaldiari eman zioten hasiera, basurde, azeri, zaldi, saguzar eta beste hainbeste animaliaren arrastoak topatzera iritsiz.


Datozen hilabetetan ere beste hainbat irteera eta abentura izango dituzte Bihotz Berdeek! Izango duzue beraien berri!