Woodtalk bisitari autoktonoen eta turisten esperientzia hobetzeko helburua duen informazio interaktiboko eko-panel berri bat da. Proiektu aitzindaria da Estatuan, eta haren bitartez, erabiltzaileak jasotzen duen informazioa aberatsagoa eta irisgarriagoa izan dadila lortu nahi da, baita haren lehentasunak ezagutzea ere.
Informazio interaktiboko eko-panela Kutxa Ekogunean
Tecnalia ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentroa, Protec kanporako egurren fabrikatzailea, Galemys ingurumen-aholkularitza eta OSOAK zirkuitu elektronikoen Enplegu Zentro Berezia elkarrekin lan egiten ari dira informaziorako eko-panelak sortu eta erabiltzaileek modu atseginean eta irisgarrian ikasi ahal izan dezaten. Woodtalk proiektua Kutxa Ekogunea Parkean jarri da martxan, eta hura izango da, hain zuzen, irudiak, soinu-grabaketak eta errealitate areagotuko edukiak erabiliz, soinu-paisaiak aurkitzea ahalbidetzen duten panel horiek izango dituen Estatuko lehena.
Teknologia berritzailea eta proiektu aitzindaria.
Woodtalk I+G proiektu berritzaile baten emaitza da, garapen teknologiko bat, egurretik hasi eta elektronikaraino, eta Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan fabrikatuta dago, oso-osorik. Tokiko egur jasangarria eta elikadura energetiko berriztagarria erabiliz sortutako garapen hau familia osoaren gozamenera xedaturik dago. Proiektua PROTEC enpresan jaio zen, hark hainbat ibilbide egokituko lan egin baititu, Arantzazukoa, esaterako. Ibilbide horietan, dibertsitate funtzional handiko pertsonei egokitutako kartelak jarri dira: braille-testuak, goi-erliebeko marrazkiak... Testua hizkuntza batean baino gehiagotan txertatu da (euskara, gaztelania eta braille, bi hizkuntzatan), eta beraz, testuak laburtu egin behar izan dira, panelean espazio bisual gehiegi okupatu ez dezaten. Bestalde, eta bitxikeria gisa, kaskabeltz handiari (tokiko hegaztia) buruzko panel batean, “Txi-Txi-pan” testuarekin transkribatu da haren soinua.
“Giro adimentsuak” sortzeko TECNALIAREN teknologia ezagutu genuenean, "hitz egiten dizuten panelak" sortzeko aukera hauteman genuen. Izan ere, hark testu idatzi gutxiago sartzeko aukera eskaintzen du, eta hizkuntza gehiago gehitu daitezke (ingelesa eta frantsesa, adibidez) bisitatzen gaituzten turistentzat. Era berean, informazio aberatsagoa eskaini daiteke, errealitate areagotu bidezko edukiak eta audioak gehituta. Gero, I+G proiektua garatzean, askoz abantaila gehiago lortu dira:
• Erabiltzaileak egiten dituen hautaketen arabera informazio bat edo bestea eskaintzen duten panel interaktiboak, jolasten ikasteko jolas interaktiboak, eta soinu-paisaien aplikazioak.
• Panel eleaniztunak, soinu, ikusmen eta ukimen bidezko informazio eskuragarria eskaintzen dutenak.
• Modu proaktiboan erakartzen dute arreta, presentzia-sentsoreak erabiliz.
• Errealitate areagotuko aplikazioak, gailu mugikorretan areagotutako edukietarako.
• Eguzki-panel bidezko autonomia energetikoa duten panelak, sarera konektatzeko obra zibila egin beharrik izan gabe.
• Baso-kudeaketa jasangarrian tokiko egur ziurtatuarekin egindako panelak, ekologia- eta jasangarritasun-irizpideekin bat etorriz.
Gainera, Woodtalk proiektuak erabilerari, lehentasunei eta edukierari buruzko informazioa eskaintzen dio inguruko kudeatzaileari, eta hark kontsulta-kopurua, erabili den ordua, saio bakoitzaren iraupena, hizkuntza bakoitza entzun den aldi-kopurua eta askoz datu gehiago eskuratu ditzake. Garatutako teknologiak aplikazio ugari ditu turismoaren esparruan: ingurumenaren interpretazioa, kultura-ondarea, museoak eta abar.
Jolasteko, hezteko eta publizitatea egiteko balio duten informazio- eta interpretazio-panelak dira. Horiek pertsonalizatu egin daitezke eta eduki aldakorrak izan ditzakete, baita automatikoki ere, urtaroaren arabera.
Bisitagarri Kutxa Ekogunea parke irekian
Kutxa Ekogunea parkean audio-gida panelen lehen prototipoak kokatu dira. Horiek Euskal Herrian fabrikatu dira, oso-osorik. Panel horietako batek, “Zabalagak ohore egin nahi dio bere izenari”, Zabalaga errekaren historia kontatzen digu, hura hormigoizko kanal batetik bideratu baita eta, oso denbora-tarte txikian, bere eremu naturala berreskuratu baitu. Oso gutxi esku hartuz, Kutxa Ekoguneak prozesu hori erraztu du ur-lasterretan egon ohi diren landareak instalatuz. Horrela, ornogabe asko ur-bazterrak kolonizatzen ari dira, eta horiek igelak eta hegaztiak erakarri dituzte, baita lepazuriak ere.
Beste panel batek, “Nola bihurtu hondakinak humus eta ur araztu?” panelak, hondakin-uren gure araztegiaren funtzionamenduari buruz hitz egiten du. Ekogunean, ur beltzek garbiketa aerobikoko prozesu bat jasaten dute, eta bertan, zizare kaliforniarrek eta bakterio nitrifikatzaileek parte hartzen dute. Prozesuak oso energia gutxi kontsumitzen du, hondakinen ordez humusa sortzen du (landareak ongarritzeko), ez du usainik eta sortutako ura zuzenean isuri daiteke gure errekara. Erabilitako ura ahalik eta baldintza onenetan naturara itzultzea da gure helburua, baita biztanle-gune, baserri eta arazketa-sarera konektatu ezin daitezkeen bestelako ekipamenduei arazketa-eredu egoki bat eskaintzea ere.
Bi panelek bi informazio-maila eskaintzen dituzte: oinarrizkoa eta teknikoa, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Lehenengoak joko-multzo bat eskaintzen du, eta bigarrenak, aldiz, informazio osagarria. Bi prozesuetako azalpenak Woodtalk bidez entzun eta ikusi ostean, bisitariak in situ gozatu ahal izango ditu, Kutxa Ekoguneko parkean.